Bilboko Udalak hiria eta auzoak hobetzeko hiritarren 590 proposamen jaso ditu 2025eko aurrekontu parte hartzaileen udal programaren bederatzigarren edizioan. Jasotako proposamen guztietatik 18 Haurren Kontseiluak egin ditu, eta hori izan da edizio honetako berritasun nagusia.
Eider Inunciaga Euskara, Herritarren Arreta eta Partaidetza, 2030 Agenda eta Nazioarteko Gaietako zinegotziak ekimenaren balantze positiboa egin du: "Ezinbesteko bihurtu den tresna bat da, zehatz-mehatz adierazten baitigu zeintzuk diren herritarren beharrizanak eta eskaerak, eta, horrela, modu eraginkorragoan erantzun diezaiekegu".
Proposamenak egin dituzten pertsonen eta elkarteen profilari begiratuta, %58,19 emakumeak izan dira, %76,51 banaka aurkeztu dira eta %20,64 elkarteek aurkeztu dituzte; gainerako %2,85a Haurren Kontseiluak aurkeztu du. 41 eta 65 urte arteko pertsonak izan dira parte hartzera gehien animatu direnak, jasotako proposamen guztien ia %74 adin tarte horretako herritarrek egin baitituzte.
Barrutiei dagokienez, Ibaiondori lotutako proposamenak izan dira nagusi (%26,95), eta atzetik izan dituzte Deustu (%13,90) eta Uribarriri buruzkoak (%6,78). Hala ere, proposamen gehienak hiri osoari buruzkoak izan dira (%38,31).
Edukiari dagokionez, obrei buruzkoak (%37,97) nabarmendu dira, eta ondoren, gazte eta kirolaren (%15,42), mugikortasun eta jasangarritasunaren (%12,88), osasun eta kontsumoaren (%9,66) eta zerbitzuen (%9,49) ingurukoak.
Aurten, Haurren Kontseiluak ekarri du berritasuna programara, ekimenean parte hartu baitu, 590 proposamenetatik 18 aurkeztuta: obrei eta zerbitzuei lotutako zazpina, gazteria eta kirolarekin zerikusia duten bi, euskarari buruzko bat eta osasun eta kontsumoaren inguruko beste bat.