Arabako Foru Aldundiko Gizarte Politiken Sailak lurraldeko gizarte zerbitzuetako jardunbide egokien BeBai 2024 aintzatespen sariak banatu ditu aste honen amaieran Gasteizko Europa jauregian egindako ekitaldi instituzionalean.

Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusiak eta Gorka Urtaran Gizarte Politiken Saileko foru diputatuak gizarte arretaren arloko bost erakunderen lan ona aitortzeko sariak banatu dituzte, sektorean lan egiten dutenen artean ezagutzera eman eta aintzatetsi daitezkeen ekimen berritzaileak abian jartzeko eta gizarte erakunde guztietan arretaren kalitatea hobetzeko kultura sustatzeko gogoa sortarazteko asmoz.

Horrela, Arai dantza eta kultura elkartearen Miradas Cruzadas dantza proiektuaren arduradun Arantza eta Ainhoa Gagok eta Ariane Bustinza, Uxia Feijo, Izaro Martinez eta Jon Abad dantzariek aintzatespen saria jaso dute adimen desgaitasuna duten gazteek parte hartzen duten ikuskizunarengatik.

Halaber, Murgiako Sortzez Garbia egoitzako zuzendari Fidel Molinak eta Laura Ruiz de Ochoa de Eribe gainbegiraleak BeBai saria jaso dute bizitzaren azken etapan familiei laguntzeko 'Argizaiola' proiektuarengatik.

Era berean, Elena Ortiz de Zarate eta Vanesa Vadillo Asafes gaixotasun mentala duten pertsonen eta senideen elkarteko presidentea eta kudeatzailea, hurrenez hurren, Arabako landa eremuko ikastetxeetan osasun mentala sustatzeko eta suizidioa prebenitzeko proiektuagatik saritu dituzte.

Apdema adimen desgaitasuna duten pertsonen aldeko Arabako elkartearen izenean, Carlos Errasti presidenteak saria jaso du EPE irisgarrien proiektuagatik, Alba Merchante oposaketa irisgarri bateko partaidea lagun zuela.