Gasteizko Udaleko Euskara zerbitzuak 6.0000 euro bideratuko ditu 2024an hiriko merkataritzan, ostalaritzan eta zerbitzuetan euskararen erabilera eta presentzia sustatzeko laguntza lerrora, eta eskaerak irailaren 23ra arte egin daitezke.

Maria Nanclares Euskara zinegotziaren hitzetan, "deialdi honen bidez, merkataritzako eta ostalaritzako profesionalak beren negozioan euskara ezartzera animatu nahi ditugu hizkuntza edo paisaia linguistikoa erabiliz. Azken horietako bat da, adibidez, establezimenduko kartelekin lotutakoa".

Diru laguntzaren bidez, establezimenduei era askotako gastuak ordaintzen lagundu nahi zaie, hala nola webguneak euskaratzea, negozioaren kanpoaldea errotulatzea eta euskararen erabilerari buruzko diagnostiko eta ebaluazioekin edota Bai Euskarari edo Bikain ziurtagiriak lortzearekin lotutako gastuak.

Laguntzen lerroa gehienez 50 langile dituzten eta haien negozio-bolumena hamar milioi euro baino gutxiagokoa den Gasteizko establezimenduei zuzenduta dago.

Gasteizko Udala

Bestalde, Gasteizko Udalak bat egingo du Alboko Esklerosi Amiotrofikoaren Nazioarteko Egunarekin ostiralean, ekainaren 21ean, eta berdez argiztatuko ditu udaletxeko fatxada, Floridako kioskoa eta Arkupeak, eta Santa Barbara eta Sancho el Sabio plazetako pergolak.

Gasteizko Udaleko iturriek jakinarazi dutenez, Alboko Esklerosi Amiotrofikoaren endekapenezko gaitz bat da da, eta nerbio sistemako zelulek funtzionamendua gutxitzen dutenean sortzen da. Pronostiko hilgarria duen paralisi muskular progresiboa eragiten du.

'#LuzporlaELA' lelopean, edozein pertsonak edo familiak izan dezakeen gaixotasun suntsitzaileenetako baten inguruan kontzientziatzea nahi du Adela Alava alboko esklerosi amiotrofikoaren Arabako elkarteak. Gaixotasunak 40 eta 70 urte bitarteko pertsonei eragiten die bereziki, eta sarriago gizonezkoei. Urtero bi kasu inguru gertatzen dira 100.000 biztanleko, eta, Osasun Mundu Erakundearen arabera, "gaixotasunik krudelena" da.