Euskaltel-Euskadi taldea 14 txirrindularirekin lehiatuko da asteburuan Madrilgo Erkidegoan jokatuko diren errepideko Espainiako txapelketetan, dominetatik gertu egoteko asmoarekin, taldeko iturriek prentsa ohar bidez jakinarazi dutenez.
Nicolas Alustiza, Enekoitz Azparren, Xabier Berasategi, Mikel Bizkarra, Xavier Cañellas, Unai Cuadrado, Victor de la Parte, Asier Etxeberria, Xabier Isasa, Txomin Juaristi, Gotzon Martin, Luis Angel Mate, Iker Mintegi eta Unai Zubeldia dira igandean Escorialeko San Lorenzon elite mailako proba jokatuko duten 14 txirrindulariak, Jorge Azanza eta Pello Olaberriaren zuzendaritzapean.
Halaber, Ander Ganzabal Circuito Montañes itzuliaren eta Euskaldun Txapelketaren irabazlea, Iker Trigo Nafarroako Itzuliko bigarren sailkatua eta Iñaki Murua Euskadiko elite mailako txapelduna Laboral Kutxako koloreekin lehiatuko dira.
Ibilbideak 201,6 kilometro ditu; bost itzuli eman beharko zaizkio 36 kilometroko zirkuitu bati, Fresnedilla de la Olivara bost aldiz igoz, eta beste hiru 13 kilometroko beste bati, Abantosko igoeraren lehen zatira hiru aldiz igota. Irteera 09:35ean da eta helmuga 14:07 eta 14:35 artean dago aurreikusita.
Ordutegiak
Era berean, ostiralean, ekainaren 21ean, Enekoitz Azparren, Victor de la Parte eta Txomin Juaristi banakako erlojupekoa lehiatuko dute Galapagarren, 33,4 kilometroko ibilbideari aurre eginez. Lehenengo partaidea 12:30ean abiatuko da eta azkena 14:00 pasatxo iritsiko da.
Jorge Azanza Euskaltel-Euskadi taldeko kirol arduradunak azaldu duenez, "erlojupekoan De la Parte izango da gure aukera nagusia; top 5etik gertu izatea espero dugu, horrek izan behar du helburua, eta Txominek ondo egin dezake".
"Era berean, iraupen proban lasterketa on bat burutzea espero dugu, dominetatik gertu egotea, lehen hamarretatik gertu. Gure erreferentziak Eslovenian ondo aritu direnak dira, Bizkarra, Gotzon, Berasategi edo Txomin. Movistar taldea eta beste WorldTour txirrindulariak izango dira faboritoak hasiera batean. Nolanahi ere, ondo egin dezaketen txirrindulariak ditugu. Beraz, gogo horrekin ekin behar diegu bi probei", adierazi du.