Síguenos en redes sociales:

AEK-k abiatu du datorren ikasturterako aurrematrikulazio kanpaina

AEK-k abiatu du datorren ikasturterako aurrematrikulazio kanpainaUtzitakoa

AEK-k jarri du martxan 2024-2025 ikasturterako aurrematrikulazio kanpaina, eta ekainaren 28a baino lehen izena ematen duten ikasleek ikasturte honetako prezioak izango dituzte, inolako igoerarik gabe.

Horrez gain, AEK-ko iturriek jakinarazi dutenez, badira beste onura batzuk ere, ikasleek ordainketa malguago egiteko aukera izango baitute, hots, epe bat gehituko zaie ohiko ordainketa epeei, eta taldeak osatzeko orduan lehentasuna izango dute.

AEK-ko ikasleek zein ikasle ez direnek balia dezakete aukera hori, bai aurrez aurreko ikastaroetan bai Foruko (Bizkaia) barnetegiko neguko hilabeteko ikastaroetan.

Gerora ikasleak ikastaroa ez egitea erabakitzen badu, aurrematrikularen %100 itzuliko zaio, ikastaroa hasi aurretik jakinaraziz gero. Hortik aurrera, matrikularen zenbatekoa itzultzeko, ohiko baldintzak aplikatuko zaizkio.

Euskararen alde

Bestalde, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak bi erakundeen arteko 2024ko lankidetza hitzarmena sinatu dute Iruñean. Akordioren zenbatekoa 200.000 eurokoa da guztira eta Euskararen Akademiak foru erkidegoan euskara garatzeko, aztertzeko, ikertzeko eta sustatzeko egiten dituen jarduerei jarraipena ematea izango du helburu.

Zehazki, Nafarroako Gobernuak Euskarabidearen bidez finantzatuko ditu 'Euskaltzaindia eta Nafarroa' eta 'Blas de Fagoaga Ariztia irakaslea eta euskaltzaina' aleen edizioak; Onomastika Batzordean jasotako kontsulten txostenak eta izapideak egitea; musika emanaldi bat (Bernart Etxepareren 'Linguae Vasconum Primitiae' obraren gainean DANSERIE taldeak prestatutakoa) eta hiru erakusketa ibiltari ('Euskara ibiltaria', 'Pirinioetako hizkuntzak' eta 'Euskara Ezkabarten'). Era berean, oikonimiaren analisia diruz lagunduko da, hau da, Ollarango etxeen izena aztertzeko egitasmoa.