Gasteizko Udalak egoitza elektroniko berritua estreinatuko du ostegunean, ekainaren 20an, plataformaren diseinu berria egin baita, Europako funtsekin finantzatuta, sareko kudeaketak egitea errazteko. Egoitza elektronikoak Gasteizko Udalarekin lotutako kudeaketak udal bulegoetara joan beharrik gabe egiteko aukera ematen du, eta egoitza berritzeak administrazio kudeaketa hobetzea du helburu.
Miren Fernandez de Landa Gobernu Irekiaren eta Gizarte Etxeen zinegotziak eta Sonia Diaz de Corcuera Kultura, Hezkuntza eta Adsministrazioaren Modernizaziorako zinegotziak aurkeztu dute astearte honetan webgune berria.
Hain zuzen, Gasteizko Udalak aldaketak egitea erabaki du Interneten eskaintzen dituen zerbitzuak herritarrek nola erabiltzen dituzten ikusita. Horrela, egoitza elektroniko "erakargarriagoa eta joerekin bat datorrena" lortu da, "betiere irisgarritasuna eta erabilgarritasuna ziurtatuta".
Diseinu berria Liferay sektore publikoan abangoardiako edukien kudeatzailearekin sortu da, Next Generation europar funtsei esker. Aldaketen helburua herritarren beharretara egokitutako erabilera argi eta erraza eskaintzea eta, horrela, kudeaketa asko sarean egitea erraztea da. "Informazioaren ulermena hobetzeaz gain, herritarren eta udalaren arteko harremana ere sendotu nahi du ahalegin horrek", esan du Fernandez de Landak.
Edukietan egindako hobekuntzen artean, hizkuntza eta terminologia sinplifikatuko dira, orrialdeen izenburuetatik hasi eta menu eta esteketaraino. Gainera, 'breadcrumb' izenekoak sartuko dira, erabiltzaileei webgunean errazago kokatzen eta mugitzen laguntzen dien mapa edo ibilbide modukoak.
Nabigazioa ere hobetuko da, informazioa errazago bilatzeko, eta izapideak egiteko moduari buruzko informazio zehatza emango da. Gainera, bidaltzeko botoia sakatu beharrik gabe, formularioetako eremuetan akats abisuak eta berehalako egiaztapena egiteko aukera izango da.
Bestalde, plataforma berrian garrantzi handia eman zaio informazioaren arkitekturari, eta orrien antolaketa eta sailkapena kontu handiz diseinatu dira. Horretarako, 2022-2023 aldian egoitza elektronikoaren erabilerari buruz jasotako datu estatistikoak hartu dira kontuan, baita sektore publikoko araudiak ezarritako lege betebeharrak ere.
Horrekin lotuta, lehentasuna eman zaie izapideei eta erregistro elektronikoari; hala, lehen eta bigarren tokian jarri dira, hurrenez hurren, sarbidea errazteko, horiek baitira herritarrek gehien erabiltzen dituzten zerbitzuak.