Gasteizko Udaleko gobernu batzordeak Komunitate Eraldaketarako Bulegoa sortu, abian jarri eta kudeatzeko kontratua esleitu du ostiral honetan. Herritarrei, industriari, enpresa txiki eta ertainei edota saltokiei zuzendutako dinamizazio, laguntza eta babes funtzioak egingo Gasteizko hiriguneetan, landa eremuetan eta industrialdeetan energia komunitarioko proiektuak sortzeko, Maider Etxebarria alkateak iragarri duenez.
Bulegoa abian jartzera 430.400 euro bideratuko dira, eta ekimenak Next Generation Europako funtsen finantzaketa jasoko du. Kokapenari dagokionez, Zulueta jauregiko lorategien atzealdean dagoen bulegoan jarriko da.
Eraldaketa Komunitarioko Bulegoaren jardueren helburua izango da kontsumo txikiko eredu eraginkorrerako trantsizio energetikoa egitea, hirian bertan sortutako energia berriztagarrietatik abiatuta. Horretarako, aholkularitza emango du energia komunitateak eratzeko eta jardunean jartzeko proiektuak bultzatzearekin zerikusia duten gai tekniko, administratibo edo juridikoei buruz.
Leihatila bakar gisa funtzionatuko du, eta energia komunitarioko proiektuak martxan jartzeko moduari, komunitate energetiko batek bidera ditzakeen jarduerei, energia komunitatea sustatzeko eta garatzeko ekintzei, komunitatearen forma juridikoei buruzko aholkularitzari, finantzaketari, bideragarritasun azterketei eta elektrizitatearen eta gasaren fakturak gutxitzeko laguntzei eta aholkularitzari buruzko informazio eguneratua eta kalitatezkoa emango du.
Komuntate Eraldaketarako Bulegoak prestakuntza ikastaroak ere eskainiko ditu, eta herritarrak sentsibilizatzeko jardunaldiak, mintegiak eta tailerrak antolatuko ditu auzo eta industrialdeetan.
Gasteizek klima neutraltasuna lortzeko hainbat ekintza eta estrategia ditu eta, gainera, 2030ean klimatikoki neutroak diren 100 hiriren Europako Misioan sartuta dago. Planteatutako lan ardatzen artean, energia berriztagarriei dagokienez, energia komunitateak sortzea eta abian jartzea dago.