Euskaltzaindiak Akademiaren domina eman dio Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako jarduneko lehendakariari, Miren Dobaran jarduneko Hizkuntza Politikarako sailburuordearekin batera ostegun honetan Bilboko Plaza Berriko egoitzara egin duen bigarren bisitan.

Urkulluren lehenbiziko bisita 2013ko azaroaren 20an izan zen, bere estreinako legegintzaldian, eta orduko hartan, Euskaltzaindiaren egoitza ezagutu eta Urrezko Liburuan sinatu zuen, Akademiako iturriek gogorarazi dutenez.

Bisita hasteko, Urkullu Euskaltzaindiaren Zuzendaritzarekin bildu da liburutegian. Bertan, Akademiaren lanerako ildo eta helburu nagusiak laburrean azaldu dizkiote Zuzendaritzako kideek.

Azalpenaren ostean, hainbat liburu eta agiri erakutsi dizkio Andres Urrutia euskaltzainburuak Urkulluri, hala nola Joanes Leizarragaren Iesus Christ Gure Iaunaren Testamentu Berria (1571), Axularren Gero (bigarren edizioa, 1700?), Anton Abadiaren Lore Jokoetan bildutako euskal kantak eta Koldo Mitxelenak 1968an eskuz idatzitako Arantzazuko bilkurari buruzko akta.

Jarraian, Urkulluk eta Urrutiak agerraldia egin dute hedabideen aurrean, eta biek ala biek azpimarratu dute erakundeen arteko elkarlana ezinbestekoa dela euskalgintzari hauspoa eta sendotasuna emateko.

Aitortza

Urkulluk aitortza ere egin dio Akademiari: "Lehendakari naizen aldetik, eta Eusko Jaurlaritzaren izenean, urte hauetan guztietan egin duzuen lana, lankidetzarako erakutsi duzuen prestutasuna eta gure herriari egin diozuen ekarpena eskertzen dizuet. Ekin diozue eta emaitzak bistan dira. Jarrai ezazue, euskarak merezi du eta".

Hain zuzen, etorkizunari begira jarri da Andres Urrutia bere hitzaldian. Adierazi duenez, "euskal gizarteari zerbitzu emateko dugun bokazioari eutsiz jarraituko dugu, eta gure gaur egungo helburuetan sakonduko dugu etorkizunean ere, hain zuzen, digitalizazioan, nazioartekotzean, profesionalizazioan eta Akademiaren lanaren sozializazioan".

Ekitaldia bukatzeko, Andres Urrutiak Euskaltzaindiaren domina eman dio Urkulluri eta 'Gero' liburuaren faksimilea oparitu dio; 'Iñigo Urkullu Lehendakariari Akademiaren alde egindakoengatik esker-erakutsiz' dio dominak.