Síguenos en redes sociales:

Euskal Herriko Eskolartekoaren finala jokatuko da larunbatean Arantzan, 11 bertsolarirekin

Euskal Herriko Eskolartekoaren finala jokatuko da larunbatean Arantzan, 11 bertsolarirekinUtzitakoa

Euskal Herriko lurraldez lurralde jokatutako eskolartekoetatik sailkatutako 11 bertsolari gazte ariko dira kantuan larunbatean, ekainaren 15ean, Arantzako (Nafarroa) frontoian jokatuko den Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketaren finalean.

Apirilean hasi eta orain arte egin dira eskolartekoak

Bertsozale Elkartetik jakinarazi dutenez, apirilean hasi eta orain arte egin dira eskolartekoak, Oinak buruan goiburupean. Udaberriko ohiko hitzordua izaten da, eta 14 eta 18 urte bitarteko Euskal Herri osoko gazteak elkartu ditu 36. edizioak.

Horrela, lurraldeetan eskolarteko txapelketek bere bidea eginda, final handiarekin biribilduko da egitasmoa, eta Arantzan egingo da, larunbatean. Gipuzkoan apirilean jokatu zen finala Lasturren, eta bertatik June Aiestaran eta Joanes Azpillaga sailkatu ziren. Nafarroako eskolartekoa maiatza hasieran egin zen Iruñeko Laban eta bertan Kattin Madariagak eta Kattalin Lizarragak eskuratu zuten Arantzan kantatzeko txartela. Halaber, Aramaion jokatutako finalean jakin zen Hegoi Amabizka eta Iraide Onaindia izango zirela Arabako bi ordezkariak.

Bizkaiko eta Gazte Xlabako finalak izan dira jokatzen azkenak. Maiatza bukaeran Arrigorriagan egin zen Bizkaiko eskolarteko finala, eta Kelmene Abaitua eta Ekhi Zuluaga sailkatu ziren; Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoako ordezkariak, berriz, Haira Aizpurua, Nahia Etcheverry eta Unax Aizpurua izango dira.

Giro politean jokatu dira Euskal Herri osoan Eskolartekoak, hala kanporaketak nola finalak ere, eta horregatik espero dute Arantzako finalean ere herrialdeetan izandako giro beroa izatea. Sarrera doan izango da, saioa 17:00etan hasiko da, eta amaitutakoan mokadua eskainiko da eta bertaratutakoen artean zozketa egingo da.

Ikastolen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak antolatzen dute gazteen bat-bateko bertsolari txapelketa, aurten Arantzako Udalaren laguntzarekin. Bertsozaletzea eta gazteei jendaurrean kantuan hasteko aukera ematea du helburu egitasmoak. Bat-bateko txapelketaz gain, lurralde bakoitzean bestelako ekintzak ere egiten dira eskolartekoari lotuta, hala nola idatzizko txapelketa edo adin txikiagokoentzako lehiarik gabeko topaketak.