Síguenos en redes sociales:

Larrialdi kimikoetarako sirenen sarea aktibatzeko saioak egingo dira EAEn datozen egunetan

AVEQ-KIMIKA Euskadiko Enpresa Kimikoen Elkarteak larrialdi kimikoetarako sirenen sarea aktibatzeko saioak egingo ditu Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailarekin lankidetzan

Larrialdi kimikoetarako sirenen sarea aktibatzeko saioak egingo dira EAEn datozen egunetanUtzitakoa

AVEQ-KIMIKA Euskadiko Enpresa Kimikoen Elkarteak larrialdi kimikoetarako sirenen sarea aktibatzeko saioak egingo ditu Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailarekin lankidetzan ekainaren 14an, 17an eta 18an, Gipuzkoako Hernanin, Bizkaiko Muskizen, Santurtzin eta Punta Luzeron (Zierbena) eta Arabako Lantaronen, SEVESO araudiaren menpeko industria kimikoetan gerta daitezkeen eta ihes toxikoek eragin ditzaketen istripuei begira inguruko herritarrak alarma sistema horretara ohitzeko.

Eusko Jaurlaritzatik jakinarazi dutenez, SEVESO araudiak substantzia arriskutsuak tartean dituzten istripu larrien prebentzioa arautzen du. Testuinguru horretan, sirenen eginkizun nagusia abisu sistema indartzea eta berehalako alerta lortzea da, eraginpeko herritarrek istripu kasuetarako oinarrizko autobabes aholkuak abian jar ditzaten.

Bada, sirenak ekainaren 14an aktibatuko dira Hernanin, Electroquímica de Hernani enpresan; 17an, berriz, Muskizen (Petronor), Santurtzin (Bilboko Portua eta Weylchem Bilbao) eta Punta Luzeron (Terminales Portuarias eta Acideka) piztuko dira; azkenik, hilaren 18an, sirenak Lantaronen entzun ahalko dira (Dekitra, General Química eta Bakelite Iberica).

Sirenek bi seinale-mota igorriko dituzte arriskuko gune osoan, argi eta entzuteko moduan: bata hodei toxikoagatiko alertaren hasiera adierazteko, eta bestea, alertaren amaiera iragartzeko. Alertari hasiera emateak berarekin ekarriko du toki itxian konfinatuta geratzea, biztanleentzako lehentasunezko babes neurri gisa.

Eusko Jaurlaritzak Kanpoko Larrialdi Plan bat dauka larrialdietan giza baliabideak eta baliabide materialak koordinatzeko mekanismoak eta antolamendua ezartzeko, betiere larrialdiak fabrikaren kanpoaldean eraginik badu. Halaber, planak biztanleak ohartarazteko modua ere barne hartzen du, megafonia bidezko abisuak eginez, prentsan komunikatuak argitaratuz eta sare sozialen bidez.