Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak eta Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteak Arabako Jakin-mina hitzaldi zikloaren amaiera ekitaldian parte hartu dute gaur goizean. Jakiunde Zientzia, Arte eta Letren Akademiak antolatzen du ziklo hau, DBHko 4. mailako ikasleei zuzenduta. Legebiltzarraren egoitzan burutu den ekitaldian Jakiundeko presidente Juan Ignacio Perez Iglesias ere parte-hartzaile izan da.

Ekitaldian, aurten hitzaldietan parte hartu duten ikasle arabarrek euren ziurtagiriak jaso dituzte. 2023-2024 ikasturtean Jakin-mina zikloak 35 hitzaldi eskaini ditu guztira, eta DBHko 4. mailako 273 ikasle izan dira horietan, hiru lurralde historikoetako 41 ikastetxetakoak. Ohikoa denez, hitzaldiak Bilbon, Gasteizen, Donostian eta Arrasaten eman dira, 2023ko azarotik 2024ko martxora bitartean, euskaraz, gaztelaniaz zein ingelesez.

Legebiltzarreko presidentearen ahotik, ikasleek ezagutu ahal izan dute Legebiltzarrak –erakunde legegile gisa- Euskadiko erakunde-arkitekturan dituen funtzio eta eginkizunak zeintzuk diren, zein organok osatzen duten erakundea edo ganbera nola osatzen den hauteskundeak egin ondoren. Jokin Bildarratz sailburuak, bestetik, ikasleak zoriontzeaz gain, Jaurlaritzaren eginkizuna, honek Legebiltzarrarekin duen harremana eta botere exekutiboari dagozkion eskuduntzak eta betebeharrak azaldu dizkie neska-mutilei.

Ziurtagiriak jaso ondoren, ikasle gazteek bisita gidatua egin dute Legebiltzarraren egoitzan.

Jakin-mina

Jakiundek antolatuta, DBHko 4. mailako ikasleei zuzenduriko hitzaldi zikloa da Jakin-mina, hainbat diziplina eta gaitan ezagutza zabaldu asmoz. Ekimen honek aukera paregabea ematen die parte hartzen duten ikasle gazteei, azken berrikuntzak bertatik bertara ezagutu ditzaten, bai ikerketan, bai hainbat arlotako egungo joeretan. Hitzaldiak beren jakintza-arloetako aditu ezagunek ematen dituzte.

Jakin-minaren bidez, ikasleak harremanetan jartzen dira errealitate zientifikoarekin (hitzaren zentzurik zabalenean, natura eta gizarte-zientziak barne), artistikoarekin eta literarioarekin, eta hezkuntza-sistemak ikuspegi estandarizatu batetik hurbiltzen dizkien gaietan sakontzeko modua izaten dute, edo curriculum-edukietan ohikoak ez diren gaietara gerturatzekoa.

Programa honek akademikoki motibatutako gazteen garapen intelektual eta pertsonala sustatu nahi du, lehen mailako adituek emandako hitzaldi eta erakustaldien diziplina anitzeko programa baten bidez. Jarduera honen bidez, Jakiundek gazte horien ezagutza zabaldu nahi du, eta haien jakin-mina piztu, ezezagun zaiena bilatzeko interesa sortaraziz.