Ipar Euskal Herrian euskarak bizi duen egoera aztertzeko jardunaldia antolatu dute
Jardunaldia ekainaren 21ean izango da
Euskaltzaindiak jardunaldi bat antolatu du ekainaren 21ean Baionako Herriko Etxean, Euskararen biziberritzea Ipar Euskal Herrian izenburupean eta Euskararen Erakunde Publikoarekin elkarlanean, euskarak Iparraldean bizi duen egoera aztertzeko helburuarekin, hainbat adituren parte hartzearekin.
Akademiako iturriek adierazi dutenez, 2024an euskara "bidegurutzean" dago Ipar Euskal Herrian, eta, beraz, "une garrantzitsu honetan, biziberritzea gauzatzeko edo etengabeko ahultze prozesua jarraitzeko, euskararen alde egiten dena eta ez dena erabakigarriak izanen dira".
Euskaltzaindiaren arabera, euskaldunen kopuruak dirauen arren (51.500 hiztun 2021ean), euskaldunen ehunekoa "etengabe apaltzen doa" Ipar Euskal Herrian (1996an %26 eta 2021ean %20), kanpotik heldutako erdaldunen kopuru handiagatik.
Bada, "ingurumari konplexu eta aldakor horretan", jardunaldiak euskararen gaur egungo egoera eta bilakaera azaltzea eta ikertzea du helburu, parametro denak kontuan hartuz, hala nola ezagutza, erabilera, transmisioa edo bilakaera demolinguistikoa, ondoren diagnostiko partekatu bat osatzeko.
Euskararen alde lan egiten duten instituzio publikoak, elkarteak eta adituak bilduz, bakoitzaren lana, helburuak, emaitzak, garapenerako mugak eta oztopoak argitara eman nahi dira jardunaldian, eta, diagnostiko errealista horretatik abiatuz, datozen hamarkadetarako helburuak atera nahi dira, "euskara bigarren mailako hizkuntza estatututik jalgi dadin, euskararen erabilera berpiztu dadin Ipar Euskal Herrian".
Parte hartzaileen artean egongo dira Amande Anin Euskakararen Erakunde Publikoko misio karguduna, Xabier Parrilla Baionako auzapezorde eta hizkuntza politikaren arduraduna, Maider Behoteguy Departamenduko kontseilaria eta Euskararen Erakunde Publokoko lehendakaria, Andde Sainte-Marie Akitania Berria Eskualdeko kontseilaria, Jon Sarasua euskaltzain urgazlea eta Euskaltzaindiko Sustapen batzordeko kidea, Euskal Konfederazioko Titto Betbeder Elorri Arin Elizagoien eta Peio Jorajuria, Eneko Bidegain euskaltzain urgazlea eta Mondragon Unibertsitateko irakaslea, Eneko Gorri Plazara kooperatibako kidea, Itxaro Borda idazlea eta euskaltzain osoa eta Marie-Andrée Ouret euskaltzain urgazlea eta Bilketa atariaren arduraduna.
'Euskararen biziberritzea Ipar Euskal Herrian' jardunaldia ekainaren 21ean izango da, Baionako Herriko Etxean, eta bertaratu ahal izateko izen-ematea +33 559 253056 telefonora deituta edo baiona@euskaltzaindia.eus helbide elektronikora idatzita egin daiteke.
Temas
Más en Actualidad
-
Denuncian la "brutal agresión" de un policía a una manifestante por la educación pública en Valencia
-
Un avión con destino a Mallorca regresa a Estados Unidos por un dispositivo Bluetooth llamado 'bomba'
-
Lan munduan euskararen erabilera indartzeko Lanera enpresa sarea aktibatu du Jaurlaritzak
-
El alcalde de París relativiza los disturbios en medio de acusaciones de la ultraderecha