Gasteizko Udaleko Espazio Publikoaren eta Auzoen Sailak erabaki du Zabalgunean proiektu pilotu bezala duela bi urte eta erdi jarri ziren buzoi adimendunak kentzea, "esperotako mugimendurik izan ez delako eta hasierako helburua bete dutela uste duelako", hau da, "banaketetan logistika berdea bultzatzea, kutsadura eta motordun ibilgailuen erabilera gutxitzeko", Beatriz Artolazabal alkateorde eta Espazio Publikoaren eta Auzoen zinegotziak jakinarazi duenez.

Erabakia duela aste batzuk iragarri zioten Joma enpresa esleipendunari, eta ekaineko lehen aste honetan desmuntatuko dituzte Dato, Prado, Florida, Foru, Manuel Iradier eta San Prudentzio kaleetan dauden 24 buzoiak. Asteazken honetan bertan hasi dira bide publikotik lehenak erretiratzen.

"Bizikleta moduko garraiobide garbiekin egindako banaketa bultzatzeko helburua zuen esperientzia pilotu gisa aurkeztu genuen ekimena. Hala, furgonetak erdigunetik ateratzea eta kutsadura eta zarata gutxitzea lortu nahi genuen. Baina, datuak aztertu ondoren, erabilerak ez dira hiriko beste toki batzuetara hedatu ahal izateko egokitzat jo genituen zifretara iritsi eta, horrenbestez, kentzea erabaki dugu", azaldu du.

Gainera, proiektuan martxan izan den hilabeteetan Internet bidez erositako produktuak entregatzeko eta jasotzeko sistema erabili duten enpresei, saltokiei eta pertsonei eskerrak eman dizkie.

"Ekimen pilotu hau abian jarri genuenean bi helburu genituen: alde batetik, gizartea kontzientziatzea garraioa eta banaketa beste era batera egin zitezkeela uler zezaten eta, bestetik, hirian eta enpresetan garraiobide ez-kutsakorren, bizikletak edo ibilgailu elektrikoak adibidez, aldeko apustu irmoa sortzea. Eta bi erronkak bete ditugu", adierazi du.