Ikerbasque Zientziaren Euskal Fundazioak beste deialdi bat egin du, eskarmentu handiko hamar ikertzaile kontratatzeko Euskadiko unibertsitate eta ikerketa zentroetan beren ikerketak gara ditzaten.
Deialdiak zortzi urtetik gorako ikerketa esperientzia duten mundu guztiko eta ikerketa arlo guztietako ikertzaileek kontratatzea ekarriko du, eta eskaerak irailaren 12ra arte aurkez ditzakete Ikerbasqueren webgunearen bidez (www.ikerbasque.net).
Programak helburu bikoitza du
Ikerbaqueko iturriek jakinarazi dutenez, programak helburu bikoitza du: alde batetik, atzerrian dauden ikertzaileak erakartzea (haien artean jatorriz euskaldunak diren ikertzaile asko daude) eta, bestetik, Euskadin dauden ikertzaileei behin betiko kontratua lortzeko aukera ematea. Era berean, emakume ikertzaileen kontratazioa bultzatu nahi da bereziki, Ikerbasqueko berdintasun Planak jasotzen duen bezala.
Egun, Ikerbasquen 35 herrialdetako 373 ikertzaile daude: %46 Zientzia Esperimentalen alorreko espezialistak dira, %25 mediku eta bizitzako zientzietakoak, %15 ingeniari eta teknologiako adituak eta gainerako %14 gizarte zientzietakoak. Ikerbasqueko ikertzaile horiek munduko zentrorik ospetsuenetatik heldu dira, hala nola MIT, Harvard, Oxford eta Stanfordeko unibertsitateetatik eta CNRS edo Max Planck elkarteetatik.
Fernando Cossio Ikerbasqueko zuzendari zientifikoaren hitzetan, "egungo testuinguruan, are beharrezkoagoa da ikerketaren aldeko apustuari eustea, Euskadiren etorkizunerako giltzarria den heinean. Euskadik eta Europak pertsonengan inbertitzearen garrantzia eta ikerketaren aldeko apustua azpimarratzen dituzten unean, Ikerbasquek bi elementu horiek konbinatu ditu formula eraginkor batean eta emaitza argiekin, eta gero eta eragin handiagoa du gure ikerketa, zientzia eta teknologia sarean".