Gasteizko Udaleko Hezkuntza Zerbitzuak doitze bat egin du Udan gozatu!' opor programako lekuen hasierako eskaintzan, eta horrela, jantokirik gabeko jolas txokoetako 20 plaza jangela barne duten udaleku irekietako hamar leku bihurtu dira, eta ekainaren 24tik uztailaren 4ra bitarte eskainiko dira Zabalgana HLHIn.
Hain zuzen, Gasteizko Udaletik jakinarazi dutenez, zozketa egin ostean libre geratu diren plazetan izena emateko aldia ireki da, eta, jantokirik gabeko jolas txokoetan hutsik geratu diren tokiak ez direnez jantoki zerbitzua duten aukerak bezain bizkor betetzen ari, aldaketa egin da. Hezkuntza Zerbitzuaren helburua da biztanleriaren behar eta eskarietara egokitzea, hasierako eskaintza doituta.
Bada, 'Udan gozatu!' opor programako plaza horietan eta libre geratu diren besteetan izena emateko epea zabalik egongo da igandeko 23:59 arte. Araudiaren arabera, jarduera baterako izena eman duten pertsonek azkenean jarduera hori egiten ez badute, jarduera hasi baino egun bat lehenago eman beharko dute horren berri; horri esker, ordaindutako zenbatekoaren %85 berreskuratuko dute, eta gainerako %15a atxikiko da kudeaketa gastu gisa.
Vitoria-Gasteizko Jabetze Feministarako Eskolak amaiera emango dio XIII. edizioari, Alarma Morearen kontzertuarekin. Ekitaldia Landatxoko kiroldegiko kantxetan izango da maiatzaren 30ean, 18:30ean.
Alarma Morea 2019an sortutako rumbako musika taldea da eta Ainhoa Plágaro, Amets Albisu, Nuria Culla eta Uxue Plágaro dira partaideak. Bi oinarri ditu taldeak: feminismoa eta euskara. Partaideak gazteak diren eta musikan ibilbide laburra duten arren, etengabe ari dira kontzertuak eskaintzen. Korrikaren 22. edizioaren amaierako ekitaldian ere bertan izan ziren eta Durangoko Kantaldi Feministaren hirugarren edizioan abesti onenaren eta publikoaren sariak jaso dituzte, Ez Beti da Ez abestiari esker.