Gasteizko Udaleko Gizarte Politiken Sailak abian jarri duen Bidelan jantoki sozial berria zabalik dago jada, espazio eta leku gehiagorekin eta instalazio hobeekin. Bazkari eta afari zerbitzuez gain, eramateko gosariak ere eskainiko ditu berritasun gisa. Erdi Aroko erdiguneko San Bizente Paulekoa kalean dago zerbitzua, milioi bat euro euroko inbertsioa egin da eta inklusio soziolaboraleko ikastaroak ere eskainiko ditu.

Maider Etxebarria alkateak, Raimundo Ruiz de Escudero Gizarte Politiken zinegotziak eta Cesar Fernandez de Landa Mantentze Lanetako zinegotziak bisita egin dute ekipamendu berrira irekitzeko ordu batzuk falta zirenean.

Etxebarriak adierazi du Bidelan proiektuaren helburua funtsezko beharretako bat den elikadura asebetetzeaz harago doala. "Udaleko gizarte zerbitzuek bideratutako jendea etorriko da hona jatera, baina inklusio soziolaboraleko ikastaroak ere eskainiko dira autonomia eta enplegua errazteko. Milioi bat euro inguruko inbertsioaz eta 800 metro koadro inguruko azaleraz ari gara. Hori guztia zaurgarritasun egoera handian dauden pertsonak gizarteratzera bideratuko dugu", azaldu du.

Bi txandatan emango dituzte bazkari eta afariak, eta guztira 60 leku eskainiko ditu (igandean itxi zen Arkupeko ibilbideko jantokiak 50 zituen). Gainera, erabiltzaileek eramateko gosariak ere izango dituzte (orain arte ez zegoen halako zerbitzurik).

Bidelan bi fasetan jarri da martxan. Astelehen honetan jantokia ireki ondoren, udazkenean, udan Osasun Iturri kaletik eta Ignacio Ellacuria zentrotik egingo den aldaketaren ostean, gizarteratze eta laneratze ikastaroak hasiko dira, hala nola sukaldaritza eta nutrizioa, arropa konponketak, patroigintza, ile apainketa eta estetika, ehungintzako osagarriak eta alfabetatze digitala).

Horretarako, ekipamenduko erabilera anitzeko gelak egokitu dira imitaziozko bitxi eta eskulan, informatika, patroigintza eta joskintza eta ile apainketako tailerraak egiteko.