Síguenos en redes sociales:

Giro motela iparraldean eta argiagoa hegoaldean astelehen honetan

Giro motela iparraldean eta argiagoa hegoaldean astelehen honetanPankra Nieto.

Euskalmet euskal meteorologia agentziaren iragarpenaren arabera, astelehen honetan, maiatzaren 27an, giro motel eta umelarekin hasiko dugu astea, batez ere Kantauri isurialdean. Zerua lainotuta egongo da eta han-hemenka euri pixka bat egin dezake, bereziki ipar partean. Arratsaldean, ordea, poliki-poliki atertu egingo du eta gaualderako hodeitza zulatuz joango da. Hegoaldean, berriz, ateri egongo da eta giroa argiagoa izango da.

Haizea ipar-mendebaldetik ibiliko da eta tenperatura maximoak jaitsi egingo dira; oro har, 15-18 gradukoak izango dira eguneko beroenak. Hiriburuetan, Baionan 11 gradu espero dira gutxienez eta 16 gehienez, Bilbon 13 gutxienez eta 17 gehienez, Donostian 12 gutxienez eta 16 gehienez, Gasteizen 7 gutxienez eta 16 gehienez, eta Iruñean 11 gutxienez eta 16 gehienez.

Itsasoan ipar-mendebaldeko haizea 3ko indarrarekin ibiliko da, eta egunaren amaieran norabide aldakorrekoa geldituko da; itsaskirria eragingo du, eta egunaren amaieran itsaso kizkurra. Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak 0,5 metro inguruko olatuak altxatuko ditu, eta gauean metro batekoak. Itsasgorak 07:51n eta 20:10ean izango dira, eta itsasbehereak 01:37an eta 13:54an. Uraren tenperatura 16 gradukoa da eta ikuspena lau eta hamar kilometro artekoa izango da.

Balorazioa

"Goiz-lanbroa. Zerua hodeitsu egongo da, Kantauri isurialdean tarteka oso hodeitsu; arratsalde-gau partean hodeiak gutxitu egingo dira eta zerua goi-hodeien tarteekin geratuko da. Euri txikia egingo du, bereziki Kantauri isurialdean; gauean atertu egingo du. Ipar-osagaiko haize ahul-bizia ibiliko da eta egunaren amaieran norabide aldakorrekoa geratuko da. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez. Tenperatura maximoak jaitsi egingo dira: gutxi Kantauri isurialdean eta nahikoa gainontzeko lekuetan", azpimarratu dute bertatik.