2023an tesia defendatu zuten 512 doktore berri izendatu ditu Euskal Herriko Unibertsitateak bere Areto Nagusian egin duen ekitaldian. Eva Ferreira errektorea izan da ekitaldiaren buru, eta Gotzone Barandika Doktorego Eskolako zuzendariak eta Eva Portillo idazkari akademikoak ere hartu dute parte emanaldian. Rosa María Hernández Farmazia eta Elikagaien Zientzia Saileko irakasleak "Nanomedikuntza: gaixotasunen tratamendurako aliatua" izenburuko lezioa eskaini du.

“Esparru profesionalean, balio erantsia da doktorea”, adierazi du Eva Ferreira errektoreak. “Eta errealitate hori, beste herri garatuetan inork zalantzan jartzen ez duena, oraindik onartzeko dago gurean. Estali beharra dago gabezia hori: gizartean dagokion lekuan jarri behar dugu doktorea. Horrela baino ezin du aurrera egiten jarraitu ezagutzan eta berrikuntzan oinarrituriko gizarte batek”, erantsi du.

Beste aldetik, Gotzone Barandikaren hitzetan, "doktoregoko ikasleen kopuruak gora egin du azken urteetan", eta "Doktorego Eskolako 4.000 ikasleetatik, lehen aldiz, nazioarteko 1.000 ikasle baino gehiago ditugu, 100 herrialde baino gehiagotatik etorritakoak".

Bestalde, Lanbidek eskaintzen dituen doktoreen enplegagarritasun-datuak azpimarratu ditu Doktorego Eskolako zuzendariak; izan ere, erakundearen txostenaren arabera, "enplegu-tasa eta enplegu egokitua % 95etik gora daude ezagutzaren adar guztietan". Era berean, Confebaskek egindako ikerketa baten arabera, "2024an euskal enpresek 1.165 doktore kontratatzea aurreikusten” dutela nabarmendu du.

Tesien irakurketaren goranzko joera

Ikasturte honetan, 2023an tesia defendatu zuten 512 doktore berri inbestituko dira guztira; horietatik % 49 emakumeak ziren (251) eta % 51 gizonak (261). Nazioarteko tesia irakurri zuten 225 doktoregaik ( % 44), 58 euskaraz aurkeztu ziren eta 30ek aipamen industriala lortu zuten.

Ezagutzaren adarrari dagokionez, tesien % 30 Zientzietan defendatu ziren, % 26 Gizarte eta Lege Zientzietan, % 21 Ingeniaritza eta Arkitekturan, % 15 Osasun Zientzietan eta % 8 Arte eta Humanitateetan.

Azken urteotan UPV/EHUn irakurritako doktorego-tesien kopuruak goranzko joera erakusten du; izan ere, azken hiru urteetan, % 18 igo da: 424 tesi irakurri dira 2021ean; 462, 2022an; eta 512, 2023an.

Bestalde, Irantzu Vergara Euskal Herriko Unibertsitateko IBeA taldeko ikertzaileak adierazi duenez, “Antibiotikoak eta antimikrobianoak pertsonengan eta animalietan modu masiboan erabiltzearen ondorioz, substantzia horiek espero ez zen ingurumeneko laginetan agertu dira”. Gorputzean guztiz metabolizatzen ez diren medikamentuak ingurumenera heltzen dira zenbait bidetatik (adibidez, simaurra, ongarritarako erabiltzen diren araztegietako lohiak, etab.); handik, zoruetara iragazten dira, eta laboreetara eta zizareetara ere igaro daitezke, zeinak elikatze-kateko oinarria baitira. Vergarak azaldu duenez, “Ez da frogatu epe laburrean toxikoak direnik gizakientzat, baina dietaren bidez antibiotikoak nahi gabe kontsumitzeak arazoak eragin diezazkieke alergikoei, eta epe luzeko esposizioaren eraginak ez dira ezagunak oraindik. Hala ere, kutsadura horren ondoriozko arazo nagusia bakterio multirresistenteak ugaltzea da; zaila da haien aurkako tratamendu efektiboa lortzea infekzioak daudenean, eta urtean 33.000 heriotza eragiten dituzte Europan”.

Arazo horri aurre egiteko, barazkietan eta zizareetan antimikrobiano-kontzentrazio oso baxuak detektatzen dituzten bi analisi-metodo garatu ditu IBeA ikerketa-taldeak: Vergarak dioenez, “Simaurrean medikamentu-kontzentrazio handiak izatea espero da, baina substantzia horiek barazkietara edo zizareetara igaro ondoren, kontzentrazio askoz baxuagoak espero dira. Beraz, kontzentrazio horiek detektatuko dituzten metodo sentikorrak behar dira”.