Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta eLankidetza Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak VII. Heziketa Topaketa egingo dute maiatzaren 29an Gasteizko Berritzegune Nagusian. Hezkuntzaren bidez bakea nola jorratu azalduko da eta Mendebaldeko Saharari, Palestinari edo Euskadiri lotutako esperientziak partekatu dira bertan.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, jardunaldian hausnarketa egiteko planteatuko diren galderen artean daude zer nolako eragina duen gerrak ikasleen egunerokotasunean eta zein izan beharko litzatekeen hezkuntza komunitatearen rola etorkizuneko gizarte baketsu baten alde lan egiteko.

"Konplexutasun eta ziurgabetasun handiak dituen mundu honetan bakearen kulturak oso rol garrantzitsua du gure garaiko erronkei aurre egiteko. Desberdintasun soziala, larrialdi klimatikoa edo gerraren gorakada bezalako erronkei aurre egin behar diegu. Horren aurrean, hezkuntza erabakigarria da bakea sendotzeko eta gizartea eraldatzeko", azaldu dute.

Heziketa Topaketa bakearen kultur hezkuntza eraldatzailerako aurkezpenarekin eta testuinguruaren kokapenarekin hasiko da, Maria Oianguren Gernika Gogoratuz elkarteko zuzendariaren eskutik. Amaia Goenaga Gogora Institutuko teknikariak memoria, bizikidetza eta giza eskubideen inguruan landutakoa aurkeztuko du, eta Lur Olabarri hezkuntza aholkulariak bizikidetza positiboa eta aniztasunerako espazio seguruak eta heldulekuak sortzeko garrantziaz hitz egingo du.

Ondoren, hainbat ikastetxek eta GGKEk beren esperientziak aurkeztuko dituzte: Gloria Guzman Hegoa Institutuko kideak giza eskubideen eta Mendebaldeko Sahararen arteko lankidetza lana aurkeztuko du, Blanka Ruizek eta Oihan Martirenak hezkuntza eremuko gatazken kudeaketan zapalduen antzerkiaren erabilera azalduko dute, Macarena Arrieta UNRWA Euskadiko kideak komikiaren bidez kultura eta genero estereotipoekin nola hautsi azalduko du, eta Maialen Azkarraga Otxandioko eskolako irakaslea Bizikasi programaz arituko da.