Afrikaren Astearen zazpigarren aldia ospatuko dute Gasteizko Florida parkean larunbatean, maiatzaren 25ean, artisau produktuekin, antzerki, dantza eta musikarekin, eta moda desfile batekin. Ekimena Gasteizko Afrikako diasporako erakundeen elkarteak antolatu du (21 elkarte biltzen ditu), Garapenerako Lankidetzarako Udal Zerbitzuaren laguntzarekin.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, jardunaldia 09:00etan hasiko da, Gasteizko diaspora afrikarreko erakundeek egindako lanaren eta artisau produktuen erakusketarekin.
Oihal artean: la tradición de las telas africanas en Gasteiz erakusketa ibiltaria eta Nelson Mandelaren eta Ellen Johnson-Sirleafen erretratuak ere izango dira; Ellen Johnson-Sirleaf izan zen Afrikako herrialde batean (Liberia) presidente izendatutako lehen emakumea eta gerora, 2011n, Bakearen Nobel saria eskuratu zuen emakumearen eskubideen aldeko indarkeriarik gabeko borroka zela eta.
Arratsaldean, aldiz, dantza, antzerkia eta moda desfilea izango dira. Bertan, BIZAN sareko erabiltzaileak izango dira protagonistak. Amaiera bikaina emateko, Nakany Kanteren eta Kai Nakairen kontzertuak izango dira.
Bestalde, Bizkaiko Saltokiak Bost Zentzumenekin tokiko merkataritza sustatzeko jardunaldien hirugarren edizioa egingo da maiatzaren 31n eta ekainaren 1ean Getxoko Elkartegiak, Cecobi Bizkaiko merkataritzaren patronalak antolatuta. Udalerriko 60 bat saltokik hartuko dute parte, sektore guztietakoek, eta beren produktuak herritarrei irekitako gune batean erakutsiko dituzte, hurbileko merkataritzaren garrantziaz kontzientziatzeko asmoz.
Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren, Rural Kutxaren, Getxoko Udaleko Ekonomia Sustapenerako Sailaren eta Algortako Dendak eta Romo Bizirik elkarteen lankidetza izan da antolakuntzan.
Getxoko Udaletik adierazi dutenez, "topaketak bultzatuko du jendea elkarreraginean jartzea eta dendetara joatean aurkitzen diren sentsazio ohikoenetako batzuk ezagutzea", hala nola dastatzea, eskuez sentitzea edo saltokiaren soinuak entzutea.