eLiburutegia Euskadiko liburutegi digitalak 121.901 mailegu egin zituen 2023an. Gainera, 6.826 erabiltzaile berri erregistratu ziren eta, guztira, gaur egun, 65.686 pertsona daude izena emanda. Mailegu gehien egin zen hilabetea abuztua izan zen (11.284), eta erabiltzaile berri gehien erregistratu zen hilabetea urria.

Iaz eLiburutegian gehien mailegatu ziren liburuak 'Miñan' (Amets Arzallus eta Ibrahima Balde), 'Bar Gloria' (Nerea Ibarzabal), 'Eraikuntzarako materiala' (Eider Rodriguez) eta '19 kamera' (Jon Arretxe) izan ziren euskaraz, eta 'El ladrón de rostros' (Ibon Martin), 'Todo arte' (Juan Gomez Jurado), 'Esperando al diluvio' (Dolores Redondo) eta 'El nido del cuco' (Camilla Läckberg) gaztelaniaz.

eLiburutegiak 30.631 ale biltzen ditu eta 12.600 film eta dokumental inguru ikusteko aukera eskaintzen du

Gaur egun, eLiburutegiak 30.631 ale biltzen ditu eta 12.600 film eta dokumental inguru ikusteko aukera eskaintzen du. Nobedade gisa, audioliburuak ere eskuragarri jarri dira liburutegi digitalean 2023an, eta orotara 569 audioliburu daude.

Bestalde, euskal idazleei aitorpena egiteko, eLiburutegian Euskadi Literatura Saria lortu izan duten obrak batzen dituen atal berezia sortu da 2023an. Era honetan, erabiltzaileek errazago izango dituzte eskuragarri saritutako obrak.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 2014ean jarri zuen martxan eLiburutegia egilearen eskubideak errespetatuko dituen eduki digitalen kontsumo antolatua eskaintzeko asmoz. Liburutegi digitala erabili ahal izateko, erabiltzaileak Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarearen liburutegi publiko batean alta emanda egon behar du. Era horretan, liburutegi txartelaren bitartez, pertsona horrek erabiltzaile izena eta sarbide pasahitza lortzen ditu.