Mendekotasuna duten eta beren etxeetan bizi diren adineko pertsonek etxean hartu beharreko medikazioa errazago eskuratu eta hobeto erabiltzea du helburu, Arabako Foru Aldundiko Gizarte Politiken Sailak, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Arabako Sendagaigileen Elkargo Ofizialak batera sustatzen duten programak. 

Onuradunek, Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen (GOFE) arreta jasotzen duten eta mendekotasuna duten adinekoak gehienak, beren tratamendurako behar dituzten sendagaiak hurbil izatea bermatzea eta medikazioa behar bezala erabiltzea du helburu, tratamenduarekiko atxikidura lortzeko eta, hala, pazienteen segurtasuna eta tratamenduaren eraginkortasuna bermatzeko. Hori erraztea programarako akreditatuta dauden lurraldeko farmazia guztien egitekoa da.

Gorka Urtaran Gizarte Politiken Saileko foru diputatuak, Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak eta Milagros López de Ocáriz Arabako Sendagaigileen Elkargo Ofizialeko presidenteak programaren berrikuntzen berri eman dute gaur goizean, hala nola hainbat hobekuntza egin dituztela, batez ere onuradunen kolektiboak ugaritzeari dagokionez.

Joan den urtera arte, Etxeko Laguntza Zerbitzuak (ELZ) lurraldean artatutako pertsonak izan zitezkeen programaren erabiltzaile, Gasteizen izan ezik, hiriburuak bere lankidetza hitzarmen propioa baitu. Duela gutxi, familia giroan zaintzeko prestazio ekonomikoa (FGZPE) jasotzen duten Araba osoko pertsona guztiak gehitu dira onuradunen taldera. GOFEren laguntza ekonomiko honen helburua da familia inguruneko zaintzaile batek mendekotasuna aintzatetsita duen pertsona bati emandako arretaren ondoriozko gastuak ordaintzen laguntzea.

Gainera, hemendik aurrera, onuradun izan ahalko dira desgaitasun intelektuala duten pertsonak, osasun mentaleko arazoak dituztenak edo gizarte bazterketako egoeran daudenak, normalean osasun arretarik ematen ez den pisuetan eta etxebizitzetan bizi direnak.

Gaur egun, 1.645 pertsonak baino gehiagok erabiltzen dute Euskadin Eusko Jaurlaritzak finantzatutako programa hori. 2023an, guztira 67.021 dosifikazio sistema pertsonalizatu prestatu ziren. Artatutako pertsona guztien % 93 paziente polimedikatuak dira, eta egunean, batez beste, hamar pilula hartzen dituzte. % 42 etxean bakarrik bizi da etxeko laguntzarekin eta, emakumeen bizitza luzeagoa denez, % 65 emakumeak dira. Artatutako pertsonen adina 60 eta 94 urte artekoa da, baina gehienak laurogei urte edo gehiagokoak dira.

Araban 116 farmazia bulego daude, eta horietatik 37 landa eremuan daude. Horrez gain, farmazia horietako batzuen ardurapeko 8 botikategi daude. Guztiek dituzte Dosifikazio Sistema Pertsonalizatua izenekoa egiteko kualifikatuta eta prestatuta dauden langileak.