Síguenos en redes sociales:

89 gazte joango dira atzerrian izango duten lantokira

Eusko Jaurlaritzak emandako BEINT nazioartekotze-bekei esker

89 gazte joango dira atzerrian izango duten lantokiraJuan Lazkano

89 gazte urtarrilean abiatuko dira atzerrian izango duten lanpostu berrira Eusko Jaurlaritzak ematen dituen BEINT nazioartekotze-bekei esker. Beka horiek bi helburu dituzte: nazioartekotze eta kanpo-merkataritza arloetan talentu berriak trebatzea, eta hala Euskadiko enpresek eta erakundeek izan ditzaketen beharrei erantzun ahal izatea. Hauxe izango da 1986an sortu zen eta nazioartean prestigio handia duen programaren 37. urteurrena.

Pertsona horietako 9k atzerrian ezarrita dauden eta gehienak Euskadin errotuta dauden enpresatan hasiko dituzte beren praktikak. Beste 80 gaztek, aldiz, praktikak toki hauetan egingo dituzte: Basque Trade & Investment-eko kanpo-sareko bulegoetan, atzerrian kokatuta dauden Espainiako bulego ekonomiko eta komertzialetan, edo Afrikako, Amerikako, Asiako eta Europako 45 herrialdetako nazioartekotzea sustatzeko beste erakunde batzuetan.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak, Arantxa Tapiak; eta Hezkuntzako sailburuak, Jokin Bildarratzek, gaur goizean Barakaldoko BECen egindako ekitaldian entregatu dituzte 100 akreditazioak. Bertan izan dira 89 gazte bekadunak eta haien senideak, eta Industriako sailburuordea, Mikel Amundarain; eta Basque Trade & Investmenteko zuzendaria, Ainhoa Ondarzabal.

2021ean sinatu zuten hitzarmena SPRI Taldeko Euskadiko Nazioartekotze Agentziak-Basque Trade & Investment-ek eta Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU), Deustuko Unibertsitateak eta Mondragon Unibertsitateak. Hitzarmenari esker, urte horretatik, BEINT beken berezko programa Euskadiko hiru unibertsitateek gai horrekin lotuta dituzten prestakuntzako metodologia eta ezagutza onenekin bateratzen dira.

Hitzarmena Euskadiko hiru unibertsitateekin

Hitzarmen horren helburua da BEINT beka-programaren onuradun diren gazteei kalitatezko prestakuntza eskainiko dien ekosistema sortzea. Horren bidez, gai hauekin lotutako arauak eta errealitatea hobeto ezagutu ahal izango dute: nazioarteko merkataritza, Euskadiko egitura ekonomikoa eta bertako erakunde eta enpresen sarea. Horrez gain, enpresa multilokalizatuak kudeatzearekin eta nazioarteko salerosketak egitearekin lotutako beharrezko trebeziak sakondu ahal izango dituzte.

Horren bidez, SPRI Taldeak eta Basque Trade & Investmentek beka horiei % 100eko babesa ematen jarraituko dute, baita hautaketa-prozesua kudeatzen eta prestakuntza-ibilbidearen eta unibertsitateen (bakoitzak bere metodologia eta ezagutza ditu) koordinazioa egiten ere. Horrekin lotuta, BEINT programako bekadunen lana ebaluatzen dute (dagokien prestakuntza-ibilbidearen arabera), eta BEINT programako bekadunek jaso beharreko unibertsitate-kredituak ematen eta aitortzen dituzte.

Beint bekak

30 urte baino gutxiagoko berrogeita hamar gazte baino gehiago aurkezten dira urtero BEINT beketara. Horien helburua da nazioartekotze arloan talentu berriak trebatzea Euskadiko enpresa eta erakundeen beharrei erantzun diezaien. BEINT bekek aukera paregabea eskaintzen dute goi mailako unibertsitate-titulazioa duten gazteek kanpo-merkataritza eta nazioartekotzean prestakuntza jaso dezaten.

Programa oparoa da eta honako hauek jasotzen ditu besteak beste: erreferentziazko titulu propioa lortzea, 12 hilabeteko prestakuntza praktikoa Basque Trade & Investmenteko Kanpoko Sareko Bulegoetan, atzerrian dauden Espainiako Bulego Ekonomiko eta Komertzialetan, edo nazioartekotzea sustatzeko beste erakunde batzuetan eta, azkenik, 8 hilabeteko egonaldia mundu osoan zehar banatuta dauden enpresetan (gehienak Euskadikoak).

37 urtez abian egon ostean, talentu berrietarako nazioartekotze-tresna honen enplegagarritasun-indizeak ia erabatekoak direla esan dezakegu.