Eustaten datuen arabera, administrazio publikoko zentroen % 40,0k telelanean ari diren langileak dituzte 2023an. Halaber, 2023an langile publikoen % 6,6k beren lantokitik kanpo lan egin dute erregulartasunez lanaldiaren erdian gutxienez, eta sare telematikoak erabili dituzte IKT sistemekin konektatzeko. Hori dela eta, telelangiletzat har daitezke.

Kopuru horiek 2021ean (pandemia bete-betean zegoela) lortutakoak baino txikiagoak badira ere (urte horretan zentroen % 44k zituzten telelangileak, eta administrazio publikoko langileen % 11,6k jardun zuen telelanean), aurreko urtekoak baino handiagoak dira. Izan ere, 2022. urtearekin alderatuta, telelangileak dituzten zentroak 3,3 puntu gehiago dira, eta telelanean diharduten langile publikoak, berriz, 1,2 puntu gehiago.

Batez beste, administrazio publikoko enplegatuen % 95,2k informazioaren eta komunikazioaren teknologietako (IKT) sistemak erabiltzen dituzte, eta, egiaztatu denez, % 6,0 espezialistak dira IKT sistemetan. Era berean, enplegatu guztien herenak baino gehiagok (% 34,5ek) urruneko konexioa dute erabilera profesionaleko gailu eramangarri baten bidez.

Bestalde, Administrazioan, zentroen tamainak ez du alde aipagarririk eragiten IKT teknologiak erabiltzen dituzten enplegatuen ehunekoan.

Langile horiek sexuaren arabera aztertuta, azpimarratu beharra dago IKTen erabilerari zein urruneko konexioari edo telelanari dagokionez emakumeen ehunekoa % 60 ingurukoa eta gizonena % 40 ingurukoa dela, IKT sistemetako espezialisten kasuan izan ezik (kasu horretan, gizonak % 61,4 dira, eta emakumeak % 38,6).

Nolanahi ere, jarduera-adarrak kontuan hartuta, alde handiagoak ikus daitezke. Azpimarragarrienak aipatzearren, IKTen erabilera ia erabatekoa da osasun-arloko jardueretan, eta oso handia gizarte-jarduera, kultura-jarduera eta bestelakoetan (% 84,7). Era berean, IKT espezialistak askoz gehiago dira Administrazioaren beste jarduera batzuetan (% 13,7) gainerako jardueretan baino. Haien artean, Hezkuntza-jarduerak izan dira sailkapeneko bigarrenak (% 9,2). Hain zuzen ere, hezkuntza-jardueretan du urruneko konexioak langileen ehunekorik handiena (% 68,8). Azkenik, telelangileen proportziorik handienak Administrazio publikoan eta defentsan eta Administrazioaren beste jarduera batzuetan agertu dira (% 12 eta % 11,8, hurrenez hurren).

Bestalde, administrazio publikoko ia zentro guztiek (% 99,9k) IKT sistemak erabiltzen dituzten langileak dituzte. Gainera, % 67,5ek IKT sistemetako espezialistak dituzte, eta % 78,7k, berriz, lantokirako urruneko sarbidea duten langileak. Halaber, arestian adierazi denez, zentroen % 40k lanaldiaren erdian gutxienez telelanean diharduten langileak dituzte.

Administrazioaren eraldaketa digitalari dagokionez, sare sozialak dira aztertutako bederatzi adierazleetan azpimarragarriena, eta zentroen % 85,5ek erabiltzen dituzte enpresa-xedeetarako. Bigarren tokian, zibersegurtasun-jarduerak kokatu dira, eta zentroen % 66,4k egiten dituzte. Ondoren, hodeiko informatika-zerbitzuak (Cloud Computing) kokatu dira. Zehazki, zentroen % 58,4k ordaintzen dute zerbitzu hori, eta, horren bidez, edonon kokatutako edozein gailu mugikor edo finkotatik Internetera konektatuta eskura ditzakete informazioa edo zerbitzuak.

Erabilera txikiagoarekin (% 50etik beherako ehunekoekin), honako hauek kokatu dira: Bezeroentzako aplikazio mugikorrak (% 48,5), Gauzen Internet (IoT) (% 44,2), Makrodatuen analisia (Big Data) (% 37,9), Adimen artifizialeko sistemen erabilera (% 17,1), 3D inprimagailuak (% 10,4) eta Robotika (% 6,6).