Arabako Trafikoko Lurralde Unitateko agenteek auto baten gidaria atxilotu dute arriskua sortuz gidatzea eta osasun publikoaren kontrako ustezko delitu bat leporatuta. Atxilotu duten gizonak abiadura handian ihes egin zuen Altuben, N-622 errepidean, jarritako trafikoko kontrol batetik, eta istripua izan zuen handik hiru kilometrora. Atzeman zutenean, egiaztatu zuten gidatzeko baimenean punturik ez zuela eta itxuraz substantzia sorgorgarrien eraginpean zegoela, eta, gainera, 90 bat gramo speed aurkitu zizkioten.

Hala, eta ildo horretatik jarraituz, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun sailetik azpimarratu zutenez, astelehenean, eguerdiko hamabi eta erdiak aldera, gertatu zen Altuben, N-622 errepidean, Ertzaintzaren Arabako Trafikoko Lurralde Unitateak mugikortasun-kontrol bat jarrita zuen lekuan. Auto bat hurbiltzen ari zenean, agenteek gidariari adierazi zioten dispositibo barrura sartzeko, baina une horretan gidariak abiadura handian ihes egin zuen. Aurrerago A-624 errepiderantz desbideratu zen, eta hiru bat kilometro egin zituenean autoaren kontrola galdu eta bidean gurutzatuta geratu zen. Agenteek atxilotu egin zuten gizona, gidabaimenean punturik ez zuela eta itxuraz substantzia sorgorgarrien eraginpean zegoela egiaztatu baitzuten. Gainera, autoa miatu zutenean substantzia bat zuten lau poltsatxo, guztira 90 gramo, aurkitu zituzten, eta gero egiaztatu zutenez speeda zen.

Atxilotua, 40 urteko gizona, polizia-egoitzara eraman zuten arriskua sortuz gidatzea eta droga-trafikoa leporatuta.