Elikagaien Arabako Bankuak eta Vital Fundazioak Bilketa Kanpaina Handiaren hamaikagarren edizioa aurkeztu dute. Hilaren 24an eta 25ean izango da (ostirala eta larunbata), hiriko 83 establezimendutan. Urte zail batzuen ondoren, 40.000 kg elikagai lortzea da aurtengo helburua, 140.000 euro supermerkatuetako elikagai-bonutan eta 75.000 euro zuzeneko dohaintzetan (transferentziak, Bizum, banku-txartelak, etab.).
Edizio honetan, oinarrizko produktuen bilketari eustea, iraupen luzeko beste produktu batzuk erostea eta beste dohaintza batzuetatik datozen hornidurak osatzea ahalbidetuko duten janari-bonuen erosketa handitzea du helburu kanpainak. Aldi berean, herritarrak sentsibilizatzea eta mobilizatzea ere badu xede ekimenak, osasun-krisiaren eta egungo krisi ekonomikoaren ondorioz, gure herrialdean bizi den pobrezia-egoeraren inguruan. Eta, gainera, dei egin nahi zaio gizarteari Elikagaien Bankuekin elkarlanean jarrai dezan.
Kanpaina honetan lortutako emaitzaren araberakoa izango da banaketako ohiko produktuen kalitatea hobetzeko proiektuak abian jartzea. Elikagaien Arabako Bankuak bi urtetik beherako haurren oinarrizko elikadura- eta higiene-beharrak bete behar ditu. Horretarako, 4.000 unitate pixoihal, 16.700 potetxo fruta eta 5.700 pakete galleta, esne eta zereal jaso beharko lirateke, 72.600 € inguruko balio orotara; eta emakumeen higieneko artikuluak, 36.000 €-ko balioa guztira.
Janari-bonuak erostea eta elikagaiak ematea Elikagaien Arabako Bankuaren alde, hilaren 24an eta 25ean egin daiteke, hamaika supermerkatu-katetan, 83 dendatan guztira. Horietako batzuetan bonuak baino ezin daitezke erosi; beste batzuetan, aukera mistoa dago (elikagaiak eta bonuak); eta batean, elikagaiak emateko aukera besterik ez dago.
Establezimenduetan dohaintzan emandako bonu guztien batura ez zaio eskudirutan ematen Elikagaien Bankuari, baizik eta urtean zehar une jakin batean behar diren produktuak edo elikagaiak erosteko kopurua geratzen da metatuta erakunde horren alde.
Era berean, elikagaiak eta oinarrizko beste produktu batzuk erosteko dohaintzak dirutan VISA txartelarekin ordain daitezke https://bancoalimentosaraba.org/donaciones-web helbidean, BIZUM bidez (00025 kodea) edo banku-transferentzia bidez (Kutxabank: ES58 2095 3153 6191 1448 4071). Ekarpenek % 45eko hobari fiskala dute Errenta Aitorpenean.
Gaur egun, Arabako Elikagaien Bankuak laguntza bakarra banatzen du elikadurarako, elikadura-behar guztiak betetzea ezinezkoa zaiolako. “Aspalditik, gure egoera ekonomikoa prekarioa da, elikagaien kostuak gora egin duelako eta soberakinak nabarmen murriztu direlako; beraz, ezin zaio onuradunei ematen zitzaien oinarrizko poltsari eutsi. Gure helburua 2022koaren antzeko dieta hobetu bat ematea izango litzateke, elikagai proteinikoak barne, baina herritarren laguntza nahikorik ez badugu, helburua desiragarri hori lortzen zaila izango da”, Elikagaien Bankutik nabarmendu dutenez.
2022an, 1.925.850 kg banatu ziren eta 2023rako aurreikuspena 1.850.000 kg-koa da.
Babes-adierazpena
Gaur 12:00etan, Vital Fundazioaren egoitzan (Aiztogile kalea 24, Kordoi Etxea), Daniel Fernández Elikagaien Arabako Bankuko presidenteak adierazpen bat irakurriko du Arabako eta Gasteizko erakundeetako ordezkari nagusiekin batera: Jon Urresti Vital Fundazioko presidentea; Nerea Melgosa Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua; Maider Etxebarria Gasteizko alkatea; eta Ramiro González Arabako ahaldun nagusia.
Ekitaldian, Elikagaien Arabako Bankuak 25 urte bete dituela gogoratuko da, baita bertako boluntarioek behar gehien duten pertsonen artean elikagaiak banatzen egin duten lana ere. Horretarako, enpresetako soberakinetatik, supermerkatuetatik edo dendetako eta merkataritza-guneetako kanpainetatik ematen zaion guztia banatzen da, bai janaritan, bai elikagaiak erosteko dirutan.
Gaur egun, Bankuak 1.396 familia artatzen ditu banaketa-erakundeen bitartez, hau da, 3.624 heldu eta 129 haur, eta beste 362 pertsona kontsumo-erakundeen bidez, batez ere jantokiak eta kolektiboak. Entregatzen diren produktu-sortek ez dituzte onuradunen beharrak asetzen.