EHUko hamabi ikaslek Terraforming lantegian parte hartuko dute astebetez CERNen Suitzako egoitzan; hautatutako ikasleak Arabako Campusean matrikulatuta daude.
Design The Future (Terraforming) lantegiari esker, Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) hamabi ikaslek aukera izango dute Genevan (Suitza) Ikerkuntza Nuklearrerako Europako Erakundearen (CERN) erronketan parte hartzen duten ikertaldeen eguneroko lanarekin bat egiteko. Hautatutako pertsonak Arabako Campusean matrikulatuta daude edo, Gasteizen helbideratuta egonda, UPV/EHUren beste campus batzuetan daude matrikulatuta.
“Hautatutako ikasleek, seina emakumezko eta gizonezko, astebete igaroko dute CERNen, unibertsitate kolektiboaren eta ikerketa zentro horretako komunitate zientifikoaren artean sinergiak ezartzeko. Egonaldian, ikasleentzako prestakuntza jarduerak sustatuko dira, planetaren jasangarritasunean gaur egun eta etorkizunean eragin positiboa izango duten ideiak eta proiektuak sortzeko beharrezko tresnak emango dituztenak”, azpimarratu zuten Euskal Herriko Unibertsitatetik. Hala, ikasleak agurtzeko ekitaldian parte hartu zuten Manoli Igartua UPV/EHUko Arabako Campuseko errektoreordeak eta Leyre Madariaga Eusko Jaurlaritzako Eraldaketa Digitaleko eta Ekintzailetzako zuzendariak. Haiekin batera izan ziren Amaia Echeverría, Espainiako Zientzia Industriaren Elkartekoa (Ineustar), David Montero de la Torre, Bic Arabako zuzendaria, eta Amaia Calleja, UPV/EHUko Arabako Campuseko Ekintzailetza eta Transferentziako zuzendaria. Ildo beretik, Arabako Campuseko errektoreordearen hitzetan, “esperientziazko ikaskuntzako programa berritzaile honek aukera paregabea eskaintzen du mundu mailako erreferentziazko ikerguneetako bat ezagutzeko eta ikertzaileen eskutik ikasteko”. Manoli Igartuak gaineratu zuenez, “nazioartekotzeko esperientzia intentsiboa bizitzeaz gain, hainbat gaitasun garatuko dituzte parte hartzaileek, hala nola pentsamendu kritikoa, sormena, arazoen konponketa, berrikuntzarako eta ekintzailetzarako gaitasuna; lanbide esparru guztietan balioetsitako trebetasunak, XXI. mendeko erronka globalei aurre egiteko funtsezkotzat jo direnak”.
Lantegiaren beste alderdietako bat da ekintzailetzako ideia eta proiektu berritzaileak lantzea, irtenbide teknologiko jasangarriak eta ekonomia zirkularrarekin eta jasangarritasunarekin lotutakoak emango dituztenak. Horretarako, teknologiak etorkizuneko agertoki batera estrapolatuko dira, Terra izeneko beste planeta batean zibilizazio jasangarri bat ezartzeko, eta, ondoren, atzera egin eta gure planetan ditugun erronkei aurre egiteko ikaskuntzak eta irtenbide posibleak aplikatzeko.