Aste honetan Alkoholik gabeko Nazioarteko Eguna ospatu da, eta alkoholaren arriskuez kontzientziatu eta sentsibilizatzeko, IMQ Prevenciónek txosten zabala egin du alkoholaren kontsumoari eta haren arrisku nagusiei buruzko datu garrantzitsuak emateko.
Hala, eta ildo horretatik, bertatik azpimarratu dutenez, Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) datuen arabera, urtean hiru milioi heriotza gertatzen dira munduan, alkoholaren kontsumo kaltegarriaren ondorioz, heriotza guztien %5,3. Droga legal eta sozial horren ondorioak ere garrantzitsuak dira Estatu mailan: urtean 20.000 heriotza, hain justu. Horrez gain, Euskadiko lan-istripuen %15en atzetik dago alkohola.
OMEk gogorarazten zuenez, alkohola substantzia toxikoa da, psikoaktiboa, eta mendekotasuna sortzen du. Minbizia Ikertzeko Nazioarteko Agentziak duela hamarkada batzuk lehen taldeko kartzinogeno gisa sailkatu zuen, arrisku handienekoa. Alkoholak gutxienez zazpi minbizi-mota eragiten ditu, minbizi-mota ohikoenak barne, hala nola hesteetako minbizia eta bularreko minbizia. Ildo horretatik, prebentzio-zentro horretatik azaldu zutenez, alkoholak (etanoak) minbizia eragiten du mekanismo biologikoen bidez, konposatu hori gorputzean deskonposatu ahala. Horrek esan nahi du alkohola duen edozein edarik, prezioa eta kalitatea edozein izanda ere, “minbizia eragiteko arriskua duela”. “Alkohola zenbat eta gehiago kontsumitu, orduan eta handiagoa da minbizia izateko arriskua. Eskura ditugun azken datuen arabera, OMEren Europako Eskualdean alkoholari egotz dakizkiokeen minbizi guztien erdia alkoholaren kontsumo arinak eta neurrizkoak eragiten dituzte: 1,5 litro ardo baino gutxiago edo 3,5 litro garagardo baino gutxiago gutxiago astean. Alkohol-kontsumoaren eredu horrek eragiten ditu emakumeen artean alkoholak eragiten dituen bularreko minbizi gehienak”, azaldu zuten bertatik berriki egindako txosten batean.
Ildo beretik jarraituz, bertatik gaineratu zutenez, “OMEk hauxe argitu du: hainbat azterlanek iradokitako alkohol-kontsumoak izan ditzakeen eragin babesleak estuki lotuta daude aukeratutako konparazio-taldeekin eta erabilitako estatistika-metodoekin, eta litekeena da beste faktore garrantzitsu batzuk kontuan ez hartzea”.
Halaber, Osasunaren Mundu Erakundearen aburuz, gaur egun eskura dauden probek ezin dute adierazi alkoholaren eragin kantzerigenoak “aktibatu” eta giza gorputzean agertzen hasten diren atalase bat dagoenik. Era berean, ez dago ikerketarik frogatzen duenik alkoholaren kontsumo txiki eta neurritsuek gaixotasun kardiobaskularretan eta 2. motako diabetesean izan ditzakeen ondorio onuragarriek alkoholaren kontsumo-maila berberei lotutako minbiziaren arriskua gainditzen dutela banakako kontsumitzaileentzat.
Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak (Osalan) argitaratutako Enpresan adikzioak prebenitzeko plan bat ezartzeko gidaliburuan jaso denaren arabera, adikzioek pertsonengan dituzten ondorioak eta gizakien gaitasunetan duten eragina arrisku-faktorea dira lan-ingurunean. Alkoholak, nerbio-sistema zentralaren depresore gisa, eritasun hauek eragiten ditu: zaintza eta erreflexuak gutxitzea, kontrola galtzea, indarkeria, istripuak, koma etilikoak eta hepatopatiak (hala nola gibel-esteatosi etilikoa, hepatitis alkoholikoa eta, maila aurreratuenean, zirrosi etilikoa, zeinak sendabiderik ez duen, eta, askotan, hilgarria den).
IMQ Prevención-eko laneko erizain Susana Pedrizak hauxe adierazi zuen, horri dagokionez: “Lan-arloan, alkohola kontsumitzeak istripuak eragiten ditu langilearengan edota horren lankideengan, baita lanera ez agertzea, berandu iristea, produktibitatea jaistea, arreta galtzea, txikitzea, jarrera arazotsuak izatea, espedienteak, kaleratzeak ere, besteak beste”. Gainera, neurriz gaineko edaletzat jotzen den langilea, oro har, absentzia-kopurua bikoizten du gaixotasunagatik eta egun-kopurua hirukoiztu, gaixotasun arruntagatik, eta, batez beste, 45 lanegun inguru galtzen ditu urtean, txostenaren arabera.