Basque Culinary World Prize 2023 sariaren entrega-ekitaldia izan da Tabakalerako Prisman. Ebru Baybara chef turkiarrak jasoko du saria, gastronomiatik abiatuta Mardin-en (Siriarekiko mugatik gertu) integrazio kulturalean laguntzeagatik, eta gizarte-garapenaren eta biodibertsitatearen aldeko apustua egiteagatik. Bi hamarkadatan, hainbat ekimenetan parte hartu du: eskualdeko migrazio-krisiari aurre egitetik hasi, eta lurzoruak klima-aldaketaren aurrean suspertzera, edo tragedien ondorengo laguntza humanitarioa eskaintzera, hala nola 2023ko otsailean Turkian izandako lurrikararen ondoren.
Basque Culinary World Prize sari bakarra da, eta mundu mailakoa, eta Eusko Jaurlaritzak (Euskadi-Basque Country estrategiaren esparruan) eta Basque Culinary Centerrek (gastronomian aitzindaria den erakunde akademikoa) ematen dute. Sariak askotariko arloetan (esaterako, berrikuntza, teknologia, hezkuntza, ingurumena, osasuna, elikagaien industria, eta garapen sozial eta ekonomikoa) nabarmentzen du ekimen eraldatzaileak abian dituzten chefen lana.
Euskadiko agintarien eta elikaduraren sektoreko pertsona ospetsuen aurrean, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapiak eman dio 100.000 euroan zenbatetsitako saria Ebru Baybarari. Saria emateko ekitaldiaren aurretik, hauek ere hitz egin dute: Joan Roca, Basque Culinary World Prize saria emateaz arduratzen den epaimahaiaren presidentea; eta Vicente Atxa, Basque Culinary Centerren Patronatuaren presidentea.
Baybarak bat egin du kulturen arteko integraziorako eta lan-munduan sartzeko espazioak finkatzen laguntzen duten ekimenekin, batez ere errefuxiatuei eta lekualdatuei zuzendutakoen kasuan, eta zeharkako konpromiso bat hartu du bere gain, eskualde asaldatu batean ulermena eta bizikidetza hobetzeko.
Otsailaren hasieran Siria eta Turkia astindu zituen lurrikara tragikoak munduaren arreta erakarri zuen; bederatzi hilabete geroago, orotariko laguntza premiazkoa da oraindik. Ebru Baybara Demirrentzat, abian zuen lanaren jarraipena izan da laguntza humanitarioan parte hartzea, eta milaka pertsonari hondamendiaren erdian janari beroa ematea, “Gönül Mutfağı” deritzonaren bitartez. Bi hamarkada baino gehiagoan, chefak bere inguruan eragina sortzeko moduak dibertsifikatu ditu, nazioarteko erakundeekin, tokiko gobernuekin, erakunde publiko-pribatuekin eta tokiko kooperatibekin lan eginez. Turismo asko baina jatetxe gutxi zituen Mardin hiriak, eta han sukaldaritza turismoarekin eta garapenarekin lotzen hasi zen, eta bertako emakumeak beren sukaldeak (etxe historikoetan) irekitzera bultzatu zituen, atzerritarrak elikatzeko; horrela, lan-aukerak sortu zituen, eta eskaintza turistikoa sustatu.
Geroago, ACNUR eta FAO erakundeek sustatutako sukaldaritzako prestakuntza-programekin bat egin zuen, eta errefuxiatuei lan-aukerak irekitzen saiatu ziren. Gaur egun, From Soil to Plate nekazaritza-garapenerako kooperatiba sustatzen du. Haren bitartez, eskualdeko boluntarioek bertako eta antzinako aleen (hala nola sorgül-a) ekoizpena eta kontsumoa hobetzeko lan egiten dute (xaboiak, marmeladak eta eskulanak egiteaz eta online merkaturatzeaz gain). Diyarbakırreko nekazari-merkatuetarako hondakin biodegradagarriak kudeatzen ere laguntzen du, baztertutako fruta eta barazkiak nekazaritzako ongarriak ekoizteko aprobetxatzeko helburuarekin.
Basque Culinary World Prizeren 100 mila euroko diru-zuzkidura baliagarria izango da jendearentzat, ingurumenarentzat eta gizartearentzat onuragarriak diren chefaren ekimenei laguntzeko. Ebru Baybara irabazlearen hitzetan, "Basque Culinary World Prize 2023 Gastronomiaren Nobel saria irabaztea ohore deskribaezina da. Gastronomia arloko aditu garrantzitsuek sukaldaritzaren indar natural gisa onartu izateak esanahi izugarria du. Sari hau jasotzea, chef gisa, eta baita emakume turkiar gisa ere Atatürk-ek zehaztutatko bidea jarraituz, gure Errepublikaren mendeurrenean, esanahi handia du niretzat eta nire herriarentzat. Sukaldeak oztopo fisikoak gainditzen ditu, eta garrantzitsua da lurretik platerera doazen jaki, prozesu eta pertsona inplikatu guztiak ezagutzea. Hortaz ohartu nintzen Basque Culinary World Prize 2017an ezagutu nuenean. Sari hau bidaia horretan lagundu zidatenean beren bizitza aldatu zuten emakumeei dedikatzen diet; baita Turkiako etorkizuneko gastromoei, geografia leku ederrena dela iradokitzeko; eta nire familiari eta filosofia bera duten lagun guztiei".