Principal Antzokiko Eguberrietako denboraldia abenduaren 1ean hasiko da 21 proposamenekin. Gustu eta publiko guztientzako eskaintza izango da: umorea, musika, antzerkia, dantza, familientzako ikuskizunak…

Eguberri hauetan, gainera, protagonista nagusiak ere izango dira. Haietako bat izango da Lucía Lacarra dantza-konpainia, eta abenduaren 29an igoko da Principal Antzokiko agertokira ‘Lost Letters’ lanarekin. Bertan, Matthew Golding-en koreografiarekin, galdutako konexioen gaia jorratuko dute eta komunikatzeko boterearen inguruan gogoeta egitera gonbidatuko ditu ikusleak.

Abenduaren 9an, aldiz, antzerkia iritsiko da Fernando Rojasen ‘La Celestina’ lanaren egokitzapenarekin. Lanaren protagonista Anabel Alonso da eta ekintzaren dinamismoa, gatazken erritmoa eta denboraren bizkortasuna oinarri hartuta Eduardo Galánek egokitutako tragikomedia eskainiko dute. Horren guztiaren bidez, lanaren ideia nagusia islatuko dute: carpe diem, bizitza laburra da.

Rafael Álvarez El brujok ere arte eszenikoekin lotutako proposamena ekarriko du abenduaren 14an: ‘El viaje del monstruo efímero’. Egilearen hitzetan, monstruaren bidaia hori oraindik Espainiako Urrezko Mendeko distira errepikaezinaren aztarnak goraipatzen dituzten agertokietan barrena egin izan duen bidaia bera da.

Abenduaren 16an, denboraldiko klasiko bat iritsiko da: Donostiako Orfeoiaren Eguberrietako Kontzertua. Baina musika gehiago ere izango da, oraingoan Ivan Ferreiroren eta Aitzina Folken eskutik. Ferreirok zuzenean aurkeztuko du bere album berria, ‘Trinchera Pop’ izenekoa, abenduaren 21ean. Sei egun geroago, ‘Muduari begiratzeko’ multimedia-ikuskizunak Kirmen Uriberen poesia, Mikel Urdangarinen, Rafa Ruedaren eta Bingen Mendizabalen musika eta Mikel Valverderen artea bateratuko ditu Aitzina Folk jaialdiaren baitan.

Baina programazioan umoreak ere izango du tartea eta José Corbacho Gasteizen izango da abenduaren 22an ‘Ante todo mucha calma’ bakarrizketarekin. Pertsona bakarreko ikuskizun horretan, aktoreak guztiaz eta guztiez egingo du barre, baina batez ere eta lehenengo eta behin, bere buruaz.

Proposamen horiek eta askoz ere gehiagok osatuko dute Principal Antzokiko Eguberrietako eskaintza eta, gainera, 2024ko musika-aurrerapena ere jasoko du. Flamenko kutsu handia duen aurrerapena izango da ikuskizun hauei esker: Tomatito gitarra-jotzailearen ’50 años sin Manolo Caracol’ kontzertua urtarrilaren 26an, eta ‘XXI. Mendeko Flamenkoa’ zikloaren 27. edizioan sartuta dauden lau kontzertu otsailean eta martxoan.

"Bene-benetan uste dugu programazio ona dela, gustu guztientzako ikuskizunak biltzen dituena. Hiriak zirrara senti dezan eta bizilagunek eta bisitan datozenek Eguberrietan kulturaz goza dezaten proposamen erakargarriak biltzen dituena. Mundu guztiaren esku dagoen kultura. Ez diogu inoiz kulturaren aldeko apustua egiteari utziko, gure hirian sektore estrategikoa baita”, adierazi du aurkezpen-ekitaldian Kultura eta Hezkuntza zinegotziak, Sonia Díaz de Corcuerak.

Sarrerak azaroaren 21ean jarriko dituzte salgai leihatilan, 945 16 10 45 telefono-zenbakian edo, 10:00etatik aurrera, baita Principal Antzokian ere.