Azaroaren 17tik 26ra, Gasteiz zinema onenaren hiri bihurtuko da aurten ere, Gaztefilm Fest-en 7. edizioak dirauen bitartean. Jaialdi hori txikienek eta txikienentzat egina da. Zinhezbak eta Kalakalabek eta Vital Fundazioak antolatu dute ekimena, eta Gasteizko Udalaren, Arabako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesa ere badu.

GazteFilm Fest 2023 gaur aurkeztu dute Helena González jaialdiaren zuzendarikideak, Arantxa Ibañez de Opacua Vital Fundazioko zuzendariak, Ana del Val Kulturako eta Kiroleko foru diputatuak eta Sonia Díaz de Corcuera Gasteizko Udaleko Kulturako eta Hezkuntzako zinegotziak lagunduta.

Gaztefilm Fest-en zazpigarren edizioak asmo handiagoa izan nahi izan du, eta 40 ekitaldi baino gehiagotara zabaldu ditu bere emankizun-zerrenda eta jarduerak, jaialdiak irauten duen 10 egun luzeetan gozatu ahal izateko. Filmen hautaketa urtebeteko lanaren emaitza da, munduko zinemaldi onenetan haurrentzako zinemarik onenaren bila eta 900 film labur baino gehiago jaso dituen antolakuntzaren deialdiaren bitartez. Prozesu horren ondorioz, animaziozko 6 film luzek eta 40 film laburrek osatzen dute sail ofiziala.

 Dounia eta Alepoko Printzesa, “animazio kanadar ederra, atmosferikoa eta onirikoa”, Tony, Shelley eta Argi Magikoa, “stop motion txekiarra, artisau-lana eta oso zaindua” eta Ernest eta Celestineren bidaia “pertsonaia maitagarri horien abenturen bigarren atala” dira 6 urtetik gorako tarterako hautatutako film luzeak, eta euskarara eta gaztelaniara bikoiztuta emango dira. Honako lan hauek osatzen dute 9 urtetik gorako hautaketa: Perlimps, ‘O menino e o mundo’ filmaren egilearen animazio brasildarra, “edertasuna dario fotograma bakoitzean”; Lehoi mutikoa, Txinatik datorren animazio hiperrealista “testuren eta kolorearen tratamendu magistrala du”; eta  Nina eta trikuaren sekretua, ‘Katu bat Parisen’ eta ‘Phantom Bo' filmen egileena, oraingoan, “animazio klasiko bat proposatzen dute, estetika urbanoarekin”, eta jatorrizko bertsioetan emango dira euskarazko edo gaztelaniazko azpitituluekin.

Beste zenbait lan, hala nola How I learn to fly, ekoizpen kroaziarreko filma, edo Three robbers and a Lion, edo Guiseppe eta Lion Bleu, azken horiek +3 urtetik gorako publiko txikienari zuzendutakoak, izango dira erakusketako atal ez lehiakorrek eskainiko dituzten adibideetako batzuk.

 Kroazia izango da antolakuntzak gonbidatuko duen herrialdea, bere animaziozko zinemaren kalitateagatik ospe handienetakoa duen herria delako. Croatian Film Fund delakoarekin lankidetzan, “bere filmografiarik onenaren erakusgarri eskuzabal eta zaindua” ehuntzen joan da.

 Animafest jaialdiaren programek eta Zagreb films mitikoaren animazioek Kroaziarekiko begirada berezi hau elikatzen dute. Jaialdiaren barruan, halaber, foku bereziak eskainiko zaizkio Ivana Guljašević-i  40 film baino gehiago dituen zinemagile kroaziar garrantzitsuenetako bati, eta Jelena Oroz Gaztefilm Film 2024ko irudiaren ilustratzaile arduraduna aurkeztuko da, Kroaziako egungo animazioaren talentu gaztea, zeinak, gainera, pertsonaiak sortzeko tailer bat emango duen Superbitxikeriak izeneko jaialdian. Gainera, jaialdiak Sonia Estévez Goya sarietarako izendatutako zinemagile gasteiztarraren talentua aitortu nahi izan du. Horretarako, bere film laburrei foku txiki bat eskaini die eta eskola gutxi batzuei azaroaren 20tik 25era Artiumen emango duen animazio tailer batera joateko aukera eskaini zaie.

 Zinema programazioaz gain, Gaztefilm Festek parte hartzeko tailerrak eskainiko ditu urte osoan zehar eta bereziki jaialdian zehar.

 Proiektuaren egile izan dira haurrak

 Jaialdia antolatzen txikienek parte har dezaten bultzatzeko asmoz, aurten “arlo guztietan parte-hartze aktiboagoa sortzera bideratu gara, eta, horretarako, hainbat tailer eta jarduera egin dira. Batuzk urtean zehar burutu dira, beste hainbat oraintxe bertan egiten ari dira eta beste batzuk Gaztefilm Fest jaialdian egingo dira”, Ricardo Conde jaialdiaren zuzendarikideak esan duenez.