Gizakiak Europako kostaldeko eskualdeetan duen inpaktua aztertzeko espedizio zientifiko bat hartuko du Bilbok
Publiko osoari zuzendutako zabalkuntza jarduerak martxan dira: ostegunean, urriak 5, ate irekiak Plentziako Itsas Estazioan eta Laborategi Mugikor Aurreratuan
Abian da espedizio zientifiko handi bat, Europako kostaldeetako biodibertsitatea eta ekosistemak ulertzeko. Bi urtez, informazioa biltzen jardungo du TREC izeneko espedizioak (Traversing European Coastlines, Europako kostaldeak zeharkatzen), organismoen interakzio molekularra ikertzeko, bai organismoek elkarren artean dutena, bai ingurumenarekin dutena.
Biologia Molekularreko Europako Laborategiak (EMBL) gidatzen du TREC espedizioa, Tara Ocean Fundazioaren, Tara Ocean Partzuergoaren eta Itsas Baliabide Biologikoen Europako Zentroaren (EMBRC) laguntzarekin, eta, horretaz gainera, zenbait herrialdetako ikerketa-institutuak ere inplikatzen ditu, hala nola Euskal Herriko Unibertsitateko Plentziako Itsas Estazioa, Bilboko estuariotik beheranzko uretan kokatua.
TREC espedizioa lehorrean zein itsasoan egiten da, eta Europako 22 herrialdetako 120 gunetan baino gehiagotan geldituko da, hala nola Bilbon eta Espainiako beste toki batzuetan. Geldialdi bakoitzean, Biologia Molekularreko Europako Laborategiaren laborategi mugikorrek lehorrean hartuko dituzte laginak, eta Tara Ocean Fundazioaren Tara goleta frantsesak, berriz, itsasoan. Zientzialariek lurra, sedimentuak, aerosola, ur-laginak eta organismo txiki bizidunak biltzen eta aztertuko dituzte. Hala, lehorreko eta itsasoko bioaniztasunaren errolda sortuko dute, eta ingurumen-baldintzak ere erregistratuko dituzte, hala nola tenperatura, pH-a eta gazitasuna. Horretaz gainera, antibiotikoen, pestiziden eta beste zenbait kutsatzaileren presentzia ere erregistratuko dute.
Gorliz-Plentzia-Bilbok eta Bizkaiko golkoko itsasertzeko beste zenbait gunek TREC espedizioa hartu dute, Espainian eginiko lehen geldialdian. Irailaren 29an ekin dio lanari (ostirala), eta, urriaren 18ra arte, askotariko dibulgazio-jarduerak izango dira publiko guztiarentzat. Urriaren 11n izango da ekitaldi nagusia, Bilboko portuan.
Publiko orokorrarentzako jarduerak
Herritarrek bertatik bertara deskubrituko dute zer-nolako indarra duen biologia molekularrak gizakiaren eta planetaren osasunaren erronkei aurre egiteko. Era berean, gure ozeanoen garrantziaz jabetzeko, “TREC in the City” erakusketa estreinatu zen irailaren 29an, Europako Ikertzaileen Gauerako antolaturiko ekitaldien barruan. Ondoren, hiriko hainbat tokitan izango da ikusgai.
TREC espedizioko kideek, gainera, hainbat tailer zientifiko eskainiko dituzte, hala nola “Nexus island”, Biologia Molekularreko Europako Laborategiak antolaturik, baita planktonari eta plastikoei buruzko lan-tailerrak ere, Tara Ocean Fundazioak eskainita. Parte-hartzaileak zientzian barneratuko dira, lurraren eta itsasoaren, gizakiaren eta planetaren arteko loturak ulertzeko.
Era berean, bisitak ere antolatu dira Tara goletara, Biologia Molekularreko Europako Laborategiaren eta Baliabide Biologikoen Europako Zentroaren laborategi mugikorretara eta Plentziako Itsas Estaziora, eta, horretaz gainera, “Science on tour” izeneko konferentzia interaktibo bat ere izango da, publiko orokorra eta espedizioko zientzialariak aurrez aurre ipintzeko.
Jarduera-programa
Programa eskuragarri dago sarean, helbide honetan: https://www.ehu.eus/PIE/trec-expedition/.
Temas
Más en Actualidad
-
Euskadi registra 1.730 denuncias por violencia de género de enero y marzo, un 2,4% más que en 2025
-
Santos Cerdán publica un libro sobre las consecuencias del "juicio político" tras su implicación en el 'caso Koldo'
-
La población menor de 15 años se reducirá un 2% en Euskadi entre 2025 y 2035 y la mayor de 64 años aumentará un 4,2%
-
La secretaria de Zapatero se acoge a su derecho a no declarar en la 'comisión SEPI' del Senado por estar imputada