Euskal AEko industria-produkzioa, lan-egutegiko balio homogeneoetan, iazko hil berean baino % 4,7 txikiagoa izan da 2023ko uztailean, Eustaten datuen arabera. 2023ko lehen zazpi hiletan metatutako produkzioa iazko aldi metatu berean baino % 0,7 txikiagoa izan da.
2023ko ekainarekin alderatuta, Euskal Autonomia Erkidegoko industria-jarduera % 2,7 murriztu da azken hil honetan, dagozkion urtaro-eraginak zuzenduta.
Ondasunen xede ekonomikoaren arabera, Energiaren produkzioa % 14,2 jaitsi da 2023ko uztailean, urtetik urterako balioetan adierazita. Sektore honetan sartzen dira energia elektrikoaren ekoizpena eta hornidura, eta petrolioa fintzea.
Bitarteko ondasunetan (metalurgia eta produktu metalikoen fabrikazioa; industria kimikoa, eta kautxuzko eta plastikozko produktuen fabrikazioa) ere jaitsi da produkzioa, % 5,5eko aldakuntza negatiboarekin.
Ekipo-ondasunen produkzioa (ibilgailu motordunen fabrikazioa; tren-makinen eta trenbide-materialen eraikuntza, eta aireontziak edo itsasontziak egitea) % 0,8 murriztu da iazko uztailarekin alderatuta.
Kontsumo-ondasunek ere urtetik urterako portaera negatiboa izan dute 2023ko uztailean, eta ekoizpena % 0,8 murriztu da sektore osoan. Jaitsiera hori Kontsumo-ondasun iraunkorren portaeraren ondorio da, % 15,0 murriztu baitira. Besteak beste, altzarien eta etxeko aparatuen fabrikazioa sartzen da epigrafe horretan. Kontsumo-ondasun ez-iraunkorren produkzioa, aldiz, % 2,9 igo da. Besteak beste, elikagaiak prozesatzeko eta kontserbatzeko jarduerak; garbiketarako eta higienerako produktuen fabrikazioa; farmazia-produktuak, eta jantzigintza daude epigrafe horretan.
Xehekiago adierazita, 2023ko uztailean, Euskal AEko industrian pisu handiena duten sektoreen artean, Elikadura-industria, edariak eta tabakoa eta Garraio-materiala baino ez dira hazi urtetik urterako balioetan, %0,5 eta % 4,4ko gehitu baitira, hurrenez hurren. Aitzitik, urtetik urterako balioetan adierazita, produkzioa sektore hauetan jaitsi da gehien: Energia elektrikoa, gasa eta lurruna (% 17,0ko jaitsiera), Kautxua eta plastikoak (% 11,9ko jaitsiera) eta Zurgintza, papera eta arte grafikoak (% 8,1eko jaitsiera).
2023ko uztailean, Industria-produkzioaren indizeak urtetik urterako bilakaera negatiboa izan du hiru lurralde historikoetan. Iazko uztailaren aldean, Gipuzkoan, % 6,7 jaitsi da produkzioa; Araban, % 4,6, eta, Bizkaian, %2,4.
Urteko lehenengo zazpi hiletako metatuan, Industria-produkzioaren indizea % 0,7 jaitsi da, Energiaren % 10,1eko jaitsieraren ondorioz. Bitarteko ondasunek ere bilakaera negatiboa izan dute, iazko aldi beraren aldean % 0,4 jaitsi baitira. Ekipo-ondasunetan, ordea, uztailera arte metatutako produkzioa % 1,9 hazi da, eta Kontsumo-ondasunetan % 1,7.
Lurralde historikoen arabera, 2023ko lehen zazpi hiletako metatuak balantze positiboa izan du Araban, % 0,4 hazi baita. Bizkaian % 0,1 jaitsi da produkzioa, eta Gipuzkoan % 1,8.
Bestalde, industria-produkzioa 2023ko ekainean iazko hil berekoa baino % 2,1 txikiagoa izan da, lan-egutegiko baldintza homogeneoetan, Eustatek prestatutako datuen arabera. 2023ko lehen sei hilabeteetan metatutako produkzioa, berriz, aurreko urteko aldi bereko metatua baino % 0,2 handiagoa izan da.
Aurreko hilabetearekin, 2023ko maiatzarekin, alderatuta, Euskal AEko industria-jarduerak % 0,4 egin du gora azken hilabetean, urtaro-ondorio egokiak zuzenduta.