Gaur bisita instituzionala egin dute Kuartangoko estazio megalitikoaren balioa nabarmentzeko proiektura. Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak 260.771,86 eurorekin finantzatu dute proiektuaren azkeneko fasea.

 Ikustaldian egon dira Ana del Val Kultura eta Kirol diputatua, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Kuartangoko Udaleko eta Andako Administrazio Batzarreko ordezkariak, Alfonso Alday arkeologoa, Luis Miguel Martínez Torres geologoa, Ondare Babesa eta Atalaya sozietateko kide batzuk eta proiektuan inplikatutako beste pertsona ezagun batzuk.  “Foru Aldundiaren Kultura eta Kirol Sailaren ustez , proiektu honek interes publikoa du zalantzarik gabe, eta hortik dator hasiera-hasieratik hartan lankidetzan jarduteko dugun borondatea. Legegintzaldiaren hasieran hartu genuen konpromisoetako bat izan zen Arabako ondare arkeologikoaren balioa nabarmentzeko eta hura induskatzeko, zaharberritzeko, hobetzeko eta kontserbatzeko zereginari lotzea, eta krisi gorrian inbertsioa geldiarazi ez bagenuen, ekonomia berpizteko fasean, are gehiago, ahal bada, jauzi kualitatibo bat egin behar zen, ondareaz maila kulturalean eta humanistan pentsatuz, baina orobat turismoa erakartzeko duen ahalmenaz", adierazi eta erantsi du Ana del Bal diputatuak: "Horrengatik, toki administrazioen eta Eusko Jaurlaritzaren lankidetasuna lortzen saiatu gara, hura finantzatu ahal izateko. Horrengatik, eskerrak eman behar dizkiogu Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari, azken fase honen erdia baino gehiago finantzatzeagatik, erakundeen arteko lankidetzaren beste adibide bat”.

Bingen Zupiria sailburuak adierazi duenez “proiektu hau plangintza, arrazionaltasuna, ezagutza zientifiko eguneratua eta ondare arkeologikoa eta haren inguruko paisaia- edo ingurumen-testuingurua errespetatzen dituzten esku hartzeko irizpideak errespetatuz garatu da. Erakundeon ardura da gure ondarea irisgarri bihurtzea, terminoaren zentzurik zabalenean, bailara horretan bizi diren herritarrak eta bisitatzen duten pertsonak haren balioaz jabetzeko eta sentsibilizatzeko, berezko zerbait bezala barneratu eta zaintzan inplika daitezen. Egindako lanak denboran iraungo duela bermatzeko modurik onena izango da hori”. Zupiriak gaineratu duenez ondarearen zaintzan “ezinbestekoa da erakundeen arteko lankidetza eta oraingoan ere horrela izan da”.