Baserriaren zeharkako onurak
Izaro Zubiria albaitaria eta abeltzaina da. Duela urte batzuk, Uetako Etxaldea proiektuari ekin zion, elikagaiak ekoiztu baina haratago doan proiektua
Lizartan kokatzen da Uetako Etxaldea. Bereburua, Izaro Zubiria da. Bera Gaztelun jaio eta hazi zen, eta askok ez dugu ezta jakingo bi herri horiek kokatzen. Gipuzkoako kostalde famatutik urrun dauden herriak dira, eta nahiz eta txikiak izan, bizitzaz beteta daude, askotan, abeltzaintzan eta nekazaritzan aritzen diren horiei esker. Izaro Zubiriak bere burua definitzeko “kalekumea” hitza erabiltzen du. Baserriari buruz duen jakintza ez du etxetik jaso, eta bere kabuz hasi zen bide hau. Gaur egun, Izaro Zubiriak pozik esan dezake lortu duela nahi zuen hori: bere proiektu propioa martxan jartzea. Poriektuaren oinarria abeltzaintza da, baina hori ez ezik, Izaroren partetik militantzia asko dago eguneroko lan honetan.
Ezer doakoa ez den gizarte honetan, Uetako Etxaldean sartzea miraria dirudi. Hemen ezer ez da doakoa, baina ordaintzeko txanpoan askotan ez da metalikoa. Proiektu honetan jakintza partekatzea ere oinarria da, eta Zubiriak eskuzabaltasunez irekitzen ditu etxeko ateak. Askotan, animalien munduari buruz ezer jakin gabe heltzen zara, baina baserri hori utzi eta hainbat lekzio eramaten dituzu motxilan.
Proiektu txikia bezain handia
Ueta Etxaldea familia proiektu bat da, eta Zubiriak zehazten duen bezala, “familiatik eta militantziatik” sortuta izan dena. Zubiriak egiten duen lana ez dago bakarrik ekoizpenera eta bizibide bat sortzera bideratuta. “Proiektu hau ere baliagarria da hainbat mezu transmititzeko, bereziki umeei. Naturarekiko maitasuna, gure elikagaiak ekoiztea zer den, balio hori emateko, euskal kulturaren ondare gisa ere bai”. Izarok bi alaba ditu, eta mezu garrantzitsu bat ere transmititu nahi izan die haiei: emakume bezala haiek ere baserritarrak izan ahal direla. Garai batean, emakume baserritarra baserriko gizonarekin ezkontzen zena zen. Izaro Zubiriaren kasuan ez da horrela izan, eta berak sortu du bere baserritar izaera eta proiektua.
“Ematen du jarraitu behar duzula karrera bat, eta proiektu honen beste alderdi bat da nire alabei erakustea beste aukera batzuk daudela, horien artean, baserria”. Iraganean maiorazkoa aplikatzen zen, eta normalean, semearen esku gelditzen zen ustialekuko aktibitatea”. Izaro, aukera berdintasuna ideia indartu ez ezik, horren irudi izaten saiatzen da bere alabentzat.
Zubiriak badaki ze zaila den proiektu berri batekin hutsetik hastea. Azpiegiturarik gabe, gurasoen ondorengoa izan gabe. Izaro Zubiria beti ibili da baserriz baserri. Etxean animaliak zituzten, eta duela urte batzuk hasi zen proiektu honekin. Lurrak lortzea zaila izan zen. Behin lortuta, konfinamendu garaia gakoa izan zen berarentzat. Lan handia egin zuten terrenoa garbitzen, eta hor erabaki zuten animaliak ekartzea: “Horrenbeste gustatzen zitzaigun hori bizibide egin genuen, gutxienez gure bizibide baten zatia izatea, nahiz eta kanpoan ere lan egin”. 2022tik bere familiaren bizibidea da baserria. Gaur egun fleckvieh eta galloway arrazakoak diren behiekin eta beste animaliekin, ia 40 bururen bueltan daude. Behorrak, ahuntzak, oiloak, eta nahiz eta baserriarekin zerikusirik ez izan, bere etxeko “señorak”, katuak eta txakurra. Erleak ere baditu, eta haiei buruz hitz egiterakoan, pasioa nabaritzen zaio: “Animali bezala askotan ahazten zaigu erleei aipamena egitea, beste esparru bat delako, baina abereak badira”. Negua pasata, 10 bat erlauntza ditu.
Eredu ekologikoa, logikoa
Izaroren eredua estentsiboa da, eta ekologikoa. Berak laburtzen du esaldi batekin: “Ekologikoa da logikoa”. Europako dirulaguntzak abereen kopuruaren arabera ematen zen lehen. Laguntza horiek jaso ahal izateko, abere kopuru handia jartzen zen, eta ez zen “horrenbeste beste abere, horrenbeste beste lur” eredua jarraitzen. Europako politikak aldatu ziren, eta nekazaritza politika bateratuak aldaketa bat egin zuen. Laguntza horiek buru kopuruari bideratu beharrean, lur kopuruari bideratzen hasi ziren. “Europako politikak aintzat hartzen du abeltzainak elikagaiak ekoizteaz gain, ingurumenaren zaindariak garela, begira bestela ze arazoak ditugun suteekin. Sasiz betetako mendi bat poxpolo kutxa bat bezala da”.
Abeltzaintza desagertzen dihoan heinean, gero eta baso gehiago daude. Basoak ez du hainbeste lanik, eta baserriko bizitzak ez badu erreleborik, jendeak basoak landatzen ditu: “Ez du abeltzaintzak duen lana eskatzen, eta hurrengo belaunaldientzat herentzia bat da”. Belardiak mantentzea garrantzitsua da, eta hori abereen bidez egiten da. Abeltzaintza lurrarekin lotzen denean, erredu ekologikoa sustatzen da. “Nik ezin ditut ehun behi izan eta hektarea bat”. Ekologikoak ere animalien elikadura baldintzatzen du, %60 bazka edo forrajea izan behar delako eta beste %40 gehienez, pentsua. Izarok ondo azaltzen du eredu ekologikoan legeak jartzen dituela mugak, baina arrazoiak daudela horretarako.
Izaro Zubiriak azaltzen duen bezala, eredu ekologikoan jarraitzen den elikadura eskemakl bere logika du: “Batetik gizakiok lurrak ematen dizkigun lehengaiak aprobetxatzen ditugu, eta bestetik gizakiarekiko zerealen konpetentzia deusestatzen da”. Adibidez, behiari soja, artoa, edo garagarra ematen badizkiogu, gizakiak zuzenean jan ahal dituen zerealak izanda, aipatutako konpetentzia sustatzen ari gara, eta gainera, animaliak beharrezkoa ez den gastu energetikoa egin beharko du. “Ze prezio jarri behar diozu zereal horri gizakiarekin konpetitzeko?”, Izarok dio horrek ez duela zentzurik, eta logikoena dela abereak aprobetxatzea guk aprobetxatu ezin dugun hori, eta guk aprobetxatzea abere horiek ematen dizkiguten produktuak, bai esnea, baita haragia ere.
Aberei hainbeste zereal edo pentsua ez ematea, Izarok dioen bezala, ez da bakarrik politiken kontu bat, baizik eta kontu fisiologiko bat. Haien gorputzak ez daude prest elikagai mota horien kantitate handiak digeritzeko. “Ardiak eta behiak hausnarkariak dira, zaldiek ere daukate haien digestio aparatu berezia. Hausnarkariak izatea belar horretatik proteina eta grasa ateratzeko aukera ematen die. Guk ezin dugu larrea aprobetxatu, fibra delako, letxugarekin soilik bizi ezin duzun bezala. Hori da interesgarria, belarretik atera ahal dutela guretzat gero izugarrizko produktu bat dena, esnea bezala. Gaur egun txarto ikusita dago, baina kriston elikagaia da esnea, baita haragia ere, kalitatezko grasa eta proteina dira, eta hori dena belarretik ateratzen dute haiek”. Noski, Izarok aipatzen du gero kalitate ezberdinak daudela.
Baserriko erritmoa
Zubiriak dioen bezala, askotan baserria idealizatzen dugu, eta baserriei buruz bi irudi ditugu: garai bateko gure baserrien irudi polita, erritmo apalago batean, abere gutxiagorekin, artzaintza zer zen, mendian ordu luzez… eta beste irudi bat alderantzizkoa da, oso intentsiboa dena, milaka abereekin. Baina bada erdian dagoen zerbait, eredu ekologikoa. Izaro Zubiriak eredu ekologikoa ez ezik, bere produktuen salmenta zuzena egiten du, bitartekaririk gabe, eta bere hitzetan, gaur egungo gizartearen erritmo biziarekin konparatuz, posible da horrela bizitzea. “Nik ezartzen diot prezioa nire produktuari, eta nire kontsumitzaileak balio ematen dio nire lanari, zelan zaintzen dudan natura, nola zaintzen ditudan animaliak… Maitasun horretatik balioa ematen dio”. Noski Izaro Zubiriak dirulaguntzei garrantzia ematen die, bai Europakoei, baita Foru Aldundikoei ere. Azkenean, esan bezala, politikek ere baserrietan egiten den lana eta lan horren onura transbertsalak errekonozitzen dituzte. “Uztialeku txiki batetik, soldata bat ateratzea, bizitza dagoen bezala egonda, oso zaila da”.
“Ueta ez da proiektu bat bakarrik elikagaiak ekoizteko, baizik eta militantzia eredu bat”. Izarok jakintza partekatzen du Uetan, eta gainera, euskaraz eta emakume bat azalduta pantailan. Argi dauka Instagramen ez dituela bakarrik mezu politak partekatu nahi, ere une zailentzat lekua egon behar dela. “Errealitatea izan behar da, bestela irudi erromantiko hori ere guk indartuko genuke, eta baserrian sufritzen da”. Izarok, baserrian ez ezik, ofizinan ere lan egin du: “Bulegoan ordenagailua duzu eta wifia duzu, eta kontrolatuta dago”. Baserrian ez da horrela, lan egiteko faktore bezala eguraldia dagoelako, eta eguraldiak ez du inork kontrolatzean. Udaberria helduta, momentu “kritikoa” heltzen da.
Udaberriarekin, belar sasoia dator. Alde batetik, abere guztiak aterako dira eta belara jango dute, eta Izaroren hitzetan, “hori izugarri polita da, ukuilutik aterako direlako”. Baina beste alde batetik, negurako forrajea prestatu beharko da. Eguraldiak hori baldintzatuko du: euria egiten duen, ez duen egiten… Belarrak bere zikloa du, eta zentimetro batzuetara moztu behar da. Horrek baldintzatuko dizu ze forraje duzun, eta ze kalitatezkoa. “Sufritu ere egiten da, edo animali bat hiltzen denean gaixotzen delako, edo txertatzen dituzunean eta txertoak kriston eragina duenean eta animalia sufritzen ikusten duzunean…”. Argi dago baserrian dena ez dela beti positiboa, eta lan gogorra ere dagoela irudi pintoreskoaren atzetik.