Gogoeta kritikotik abiatuta, eta gorputza langai eta inspirazio iturri modura izanda, azalera berrien bila ari da Ainara Lasa artista plastiko oiartzuarra. Igeltsua eta latexa ditu esperimentatzeko material, eta bideoz zein idatziz ari da prozesua dokumentatzen, lan oso bat azaleratzeko. Izan ere, gorputz berriak performatzeko ahaleginaren hasiera da Oiartzunen urriaren 23ra arte ikusgai jarri duen Azalera erakusketa.
Azalera ikerketa prozesu bat da. Azken bost urteak argazkilaritza esperimentalera bideratu eta gero, Idoia Beratarbide Metrokoadroka kolektiboko kide eta Ehuntzen sormen espazioko arduradunak erakusketa bat egiteko proposamena egin zion Lasari, 21 aulki egitasmoaren baitan, hori sortzeko espazioa ere eskainiz. Eta, hori hainbeste denboraz pentsatzen zebilena exekutatzeko abagune egokia izan zitekeela ebatzi zuen Lasak. “Lan hau erakusketa bat da, baina bide berri baten hasiera bat ere bada”, onartu du, eta aurkeztutako lanak bi hilabetetan ekoitzitakoak dira.
Sorkuntzan, azalera hitzaren hiru adiera gainazaleratu ditu. Batetik, bere ideiak azaleratu ditu, eta, bestetik, azala izan du inspirazio iturri: “Gorputza da ikerketa prozesuaren oinarria eta erakusketaren moldea”. Baina, Azalera bada artista kezkatzen duten auziez hitz egiteko lengoaia ere bai: “Abiapuntua bada gorputza politikoa denaren ideian aritzeko asmoa. Gorputz anatomikoaz baino gehiago, gorputz politikoaz eta sozialaz gogoetatzea da asmoa, modu plastiko, kolektibo eta esperimentalean”.
Azalera da pertsona ezberdinen gorputz atalekin beste gorputz batzuk performatzeko ahaleginaren hasiera. Pertsona ezberdinen gorputz ataletatik egindako erreplikek euren artean sortutako harreman eskultorikoak dira erakusketan ikus daitezkeenak. Eta oraindik hasi besterik ez da egin Lasa, bere asmoa delako “ahalik eta pertsona gehienen” gorputz azalen igeltsuzko erreplikak egitea. “Nire helburua ez da anatomikoki gorputz berriak sortzea, eskulturaren bidezko proposamen estetiko, artistiko bat egitea baizik. Hibridazio bat egin nahi dut”.
Horrez gain, Azalera da gorputzen interdependentzia errepresentatzeko asmoz abiatutako ariketa bat, erauzi nahi dituena “naturalizazio prozesuen bidez” gorputz bakoitzari sistema patriarkalak esleitzen dion tokia. “Gorputz ba-tzuek hartzen edo hartzen ez duten espazioari buruzko hausnarketa da, batzuk pairatzen dituzten zapalkuntzez edo beste batzuek dituzten botereez hitz egiten duena. Beraz, mapa kon-tzeptuala feminismotik ikasitakoa eta bizi izandakoa da”.
Azalera beste azalera batzuk sortzeko ahalegin bat da, eta hausnarketa hori erakusketara doazenei zabaltzeaz gain, sorkuntzaren parte direnek ere egin dute. “Gorputza jartzen dute batzuek, eta igeltsuzko bendekin gorputza atalak estaltzen dizkiedanean, igeltsua lehortzen, idor-tzen da. Eta, jendeari eskatu diot hitzez adierazteko nola sentitzen duen. Une horrek gure gorputzek gizartean duten lekuan zenbateraino gauden harrapatuta islatzen du”. Igeltsuak eragiten duen gogortze horren aurrean, Lasak jendeari proposatu dio piezak norbere mugimenduekin eraustea. “Gorputzean daramaguna deseraikitzeko edo askatzeko unea da. Piezen askatze hori bideoetan grabatzen ari naiz, artelanaren emaitzaren parte bihurtu delako”.
Materialak
Igeltsuz gorputz atalak erreplikatu eta latexarekin gorputz horientzako azal berriak irudikatu ditu. “Interesgarria iruditzen zitzaidan latex likidoa erabiltzea, lehortzen denean azalaren itxura daukalako, bai kolorean, bai geruza finetan. Gorputz berri horientzako azal eta mami eraikitzeko aukera eman dit”. Jakinarazi du, gainera, azken fasean, iltzeekin ere aritu dela, gorputz edo azalerak elkartuz eta “eraikuntzatik gertuago dauden piezak eginez”.
Erakusketa eta performancea aparte, arte kaierra ere bada Azalera. Artemugarri izeneko bildumaren bigarren zenbakia da. Kaierrean prozesua dokumentatzen saiatu da, erabili dituen materialetan arreta jarrita. “Materialen argazkiak ageri dira oso gertutik aterata”, dio, eta erabili dituen paperek -paper begetala, kartulina, paper gardena...- azalaren dermisa islatzen dute; horietako bakoitzean argazki bana inprimatu du. Kaierrean artistarentzat helduleku izan diren kontzeptuen mapa ere ageri da, alfabetikoki. A hizkian, esaterako, azalera, azala, arrastoa eta araua gorde ditu, proiektuari testuinguru testuala emanez.
Azalera da beste gorputz batzuk zizelkatzeko denbora, egitasmo kolektibo bat. Izan ere, beste eragile batzuk ere parte hartu dute erakusketan. Ikasleekin bisita gidatuak eta tailerrak egin dituzte: “Proposatu diegu igeltsuzko beraien behatzen kopiak egitea, gero, behatz horiekin nik esku hartze artistiko bat egiteko”. Eta, Galderen Agora izeneko egitasmoko kideekin, azaleren inguruan filosofatu zuten. Horiez gain, Martzelina Bertsozale Elkartekoak ere Azalerari bertsotan aritu ziren.
Azalera da, beraz, azalera etortzea beste gorputz batzuk borrokatzeko: “Helburua ez da egin dudan lana ikusaraztea bakarrik, inguruan zerbait probokatzea, eraldatzea edo ideia berriak sortzea da”.