“Aresketa Ikastola familia handi bat da, herritik eta herriarentzat sortua”
Ia 50 urteko ibilbidea duen Aresketa Ikastola Amurrioko hezkuntza eta euskararen erreferente nagusietako bat da, herritik sortua eta herriarentzat eraikia
Aresketa Ikastolan aurtengo Araba Euskaraz jaialdiaren antolatzaile gisa, ilusioz eta erantzukizunez ari dira lanean. Horren inguruan hitz egin dugu Itxaso Ugarte Aresketa Ikastolako zuzendariarekin.
Nola aurkeztuko zenuke Aresketa ikastola gaur egun?
–1977an, euren seme-alaben hezkuntzaren testuinguruaz kezkatuta, eta beronek hauspotuta, Amurrioko guraso talde batek Aresketa Ikastola sortu zuen. Ia 50 urteko ibilbide honetan, herritik eta herriarentzat sortua, euskararen eta euskal kulturaren biziberritzea ardatz izanik, belaunaldiz belaunaldi etorkizunari begira eraikitako proiektu sendoa da Aresketa Ikastolarena, gure haurren hazkuntza eta hezkuntzari begira erantzunen bila etengabean jarduten duen ikasle, familia, irakasle eta langileok osatutako komunitate bizia, azken batean, familia handi bat.
Zein da zuretzat ikastola honen berezitasuna?
–Ikastola honen berezitasun handiena bere hezkuntza proiektua sendo eta egonkorra eta, aldi berean, ikasleen bizi proiektua uztartzeko eredua da. Gaur egungo gizartea eta testuingurua jorratzen dituen ezagutzak transmititzeaz gain, giza balioetan oinarritutako komunitate bat ere bada, non ikasle bakoitza etorkizuneko herritar bezala haztea zaintzen den. Euskararekiko konpromisoa argia eta irmoa da eta familien eta ikastolaren arteko hurbiltasunak, errespetuak eta elkarlanak, proiektuak aurrera jarrai dezan indarra ematen digu.
Zer suposatzen du ikastolarentzat ekimen hori antolatzea?
–Ilusioa eta ardura handia. 2013az geroztik, ez da Araba Euskaraz jairik ospatu Amurrion eta kontutan izanda, 2020ko edizioa bertan behera utzi behar izan genuela, oraingoan, komunitateak gogotsu ekin dio berau antolatzeari. Ardura handia ere bada, ez soilik egun hori ondo joan dadin baizik eta, urte osoko lana aurrera atera behar delako eta horretarako komunitate osoaren inplikazioa eta auzolana ezinbestekoa delako. Erantzukizun handia ere bada Araban, euskaraz ikasi, lan eta bizi nahi dugunaren bozgorailu garelako ere.
Zein da helburu nagusia aurtengo edizioan?
–Honelako ekimen batek helburu bat baino gehiago jorratzen ditu eta oraingoan hauek lortzea nahiko genuke:
Gure hizkuntzari, euskarari alegia, bere bizi-iraupenerako beharbeharrezkoa zaion txinparta ematea, eguneroko bizitzan euskararen presentzia areagotuz:
Euskaldunak direnengan hizkuntzarekiko euren konpromisoa zein garrantzitua den ohartaraziz (hizkuntza bat galtzen da dakitenek hitz egiten ez dutelako); Euskarara hurbildu ez direnei berau guztiona dela, eurena ere bai, eta guztiz ona dela helaraziz (AE96: ‘Euskara guztiz ona, guztiona’), euskararen hurbiltze bideari ekin diezaioten (AE2005: ‘Ekiozu bideari’), euren ekarpena ezinbestekoa delako.
Euskal Herrira heltzen ari diren guztiei bizirik dirauen Europako hizkuntzarik zaharrena, ezagutarazi, haren erabilerak sortzen dituen kili-kiliak erakutsiz (AE2013: ‘Mihian kili-kili, Euskaraz ibili’), gurekin batera hizkuntzaren bizirautean beharrezkoak baititugu;
Hezkuntza komunitate osoaren arteko elkarlana bultzatzea, herritik eta herriarentzat lan eginez, euskarak batzen gaituen sare sendo eta bizigarri bat eraikitzeko; Kolektibotasunaren eta kooperazioaren balioak berrindartzea, garai zail hauetan elkartasunaren taupada berpiztuz eta auzolana bezalako sustrai sendoak berriz ere plazara ekarriz; Aresketa Ikastolaren proiektua ezagutaraztea eta zabaltzea, euskara eta haren transmisioan, kulturartekotasunean eta giza balioetan oinarritutako komunitate zabal eta anitz baten eraketan urratsak emanez.
Zer giro sortzen da ikastolan horrelako jai batekin?
–Emozio asko batzen dira: ilusioa, urduritasuna, kezka eta poza eta batzuetan horiek denak aldi berean bizi ditugu. Halaber, badago guztion arteko bateratasuna, helmuga bera dugulako eta komunitate osoak hori lortzeko norabide berean arraun egiten duelako.
Zer ikasten dute ikasleek esperientzia horretatik?
–Ikasleentzat honelako jaia bizitzea gozamena da, eta hala izan behar du. Gozamen eta emozio horretatik euskararekiko atxikimendua askoz estuagoa eta sendoagoa delako. Eurak ere, euren alea jarri nahi izaten dute eta erantzukizun eta arduraz jokatzen dute. Ikasle guztiak, modu batean edo bestean, jai honen parte aktibo dira eta oso gustura aritzen dira. Eurak izango direlako, azken finean, etorkizuna euskaraz izateari eutsi beharko diotenak.
Nola sustatzen duzue euskararen erabilera ikasleen artean?
–Ikastolan alor akademikoan euskara hutsean aritzen gara baina geroz eta nabariagoa da gure haur eta gazteek euskaraz aritzeko, gizarte osoari dagokiola euskararen normalizazioan aurrera pausoak burutzea, hezkuntza formaletik haratago, gure herriak euskaraz bizi nahi badu. Horregatik, modu kolektiboan bideratutako dinamikak behar dira. Aresketa Ikastolan, urte osoan zehar, euskarazko eskolaz kanpoko ekintzak, udako topalekuak edota herriko beste euskal eragileekin elkarlanean, eusLiderrak bezalako aisialdirako ekintzak eskaintzen ditugu gure ikasleek euskara ikasteaz gain, euskaraz bizi eta goza dezaten.