Ezinezkoa zirudiena egi bihurtu zuen 1977. urtean Amurrioko guraso talde batek: euren seme-alabei kalitatezko hezkuntza eskaintzea eta berau euskaraz izatea helburu, egun Aresketa Ikastola dena sortu baitzuten.
“Hasierak batere errezak izan ez baziren ere -garai ilun batetik atera berriak, administrazio mailako arazoak, egoitza egokirik ez, irakasleak topatu... - etengabeko lanaren ondorioz, sendotutako proiektuaz ari garela gaur egun”, azaltzen dute Aresketa Ikastolatik.
Haur Hezkuntzan, Lehen Hekuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezuntzan 600 ikasle baino gehiago duen irabazi-asmorik gabeko kooperatiba elkartea da Aresketa Ikastola, Euskal Herriko Ikastolen partaide dena, hasierako helburu haiei leial segitzen duena eta, etengabean, kalitatezko hezkuntza euskalduna bilatzen diharduena: “zailtasunak zailtasun, Amurrioko zein Aiaraldeko familiei kalitatezko hezkuntza euskalduna eskaintzen. Etorkizuna zain dugu!”.
Lehendabiziko klaseak Amurrioko Mendiko Lagunak mendi taldearen aretoetan ematen hasi ziren 1977. urtean. Hemendik aurrefabrikatu batzuetara pasatu ziren: lehendabizi Amurrioko AEKk erabili zituenekoetara eta gero garai hartako hilerriaren ondora.
Herriko beste erakunde eta ikastetxeekin elkarlanean, Araba Euskaraz jaia antolatzen du 1986. urtean Amurrioko Ikastolak lehenbizikoz.
1989. urtean, eraikin duin bat lortzeko asmoz “Adreiluaren martxa kanpaina abian jarri genuen. Irakasleak, gurasoak eta ikasleak, Amurrioko herritar askoren laguntzaz, mobilizatu ziren”. 1990. urtean, Adreiluaren martxari esker eraikin berria lortu eta Amurrioko Ikastola Aresketa auzoan kokatu zen. “Hortik datorkigu izen aldaketa”, kontatzen dute. Hala ere, Haur Hezkuntzako umeek oraindik hilerri ondoko aurrefabrikatutako areto zaharretan segitzen zuten.
Urte bat geroago, Kili-koloAresketa Ikastolak, herrian aitzindaria izanik, Kili-Kolo izeneko 2 urteko gela sortzen du.
1996. urtean, LH eta DBHko gelen hazkuntza dela eta, eraikuntza txiki gelditu zen. “Urte horretan, gure bigarren Araba Euskaraz antolatu genuen, eraikuntzaren handitzeari ekin ahal izateko”.
1997. urtean Tantaka izeneko haurtzaindegia kudeatzeko 0-2 urte proiektua Amurrioko Udalak egindako lizitazioan aurkezteko prestatu eta garaile atera zen, adin tarte honetarako ere proeiktu aitzindaria izanik Amurrion.
2003. urtean, elurte baten ondorioz “eraikinean zegoen arriskua zela eta, Haur Hezkuntzako aurrefrabrikatuak utzi behar izan genituen. Guraso eta ikastolako langileak auzolanean jardun eta Aresketa ikastolako erakinean bertokatu genituen ikasleak, bertoko hainbat zerbitzu galduz”.
2005. urtean, “gure ikasleentzat atsedenaldirako eremu estaliak finantzatzeko xede, gure hirugarren Araba Euskaraz antolatu genuen”.
2024. urtean, urtebetzea: “gure lehenengo promozioko ikasleek 50 urte bete dituzte. Egun berezia eta handia urriaren 19koa! 2024. urtean, Ikastolako lehenengo promozioko ikasleen 50. urtebetetzea ospatu genuen bazkari goxo baten bueltan, 500 lagun baino gehiago bilduz”.