Síguenos en redes sociales:

Donostia Zinemaldiak asteartean irekiko du Nest sailean izena emateko epea

Zinema eskola bakoitzak gehienez ere hiru film labur aurkez ditzake. Zinemaldia egin aurreko 12 hilabeteetan eginak izan behar dira aurkeztutako filmak, eta horietatik 15 inguru hautatuko dira Nest lehiaketan parte hartzeko

Donostia Zinemaldiak asteartean irekiko du Nest sailean izena emateko epeaUtzitakoa

Donostia Zinemaldiaren zinema ikasleen film laburren lehiazko Nest sailak asteartean irekiko du izena emateko epea, ekainaren 2an. Topaketaren 25. edizioa irailaren 21etik 25era bitartean egingo da, eta bere helburua mundu osoko zinema eskoletako ikasleen lanak ezagutaraztea izango da aurten ere.

Zinemaldiko iturriek jakinarazi duenez, 60tik gora ikasle bilduko dira Donostian, eta aukera izango dute film laburren emanaldietan eta Hizketaldiak saileko saioetan parte hartzeko. Zinemari buruzko elkarrizketa sustatzeko sortu zen Zinemaldiko atala, hain zuzen, prestakuntzaren, sormenaren eta industriaren ikuspegitik.

Joan den urteko edizioan 14 film labur lehiatu ziren Donostia Zinemaldiaren Nest sailean, eta mundu osoko 57 herrialdetako 220 eskolatako 473 lan aurkeztu ziren guztira.

Zinema eskola bakoitzak gehienez ere hiru film labur aurkez ditzake. Zinemaldia egin aurreko 12 hilabeteetan eginak izan behar dira aurkeztutako filmak, eta horietatik 15 inguru hautatuko dira Nest lehiaketan parte hartzeko.

Aukeratutako lan guztien artetik saria emango duen epaimahaia hautatutako eskoletako ikasleek osatuko dute, zinemako profesional bat buru dutela. Bada, Nest saria 10.000 euro gordinekoa izango da, irabazitako film laburraren zuzendariarentzat.

Horrela, film laburrak online inskribatzeko aukera egongo da asteartetik, eta epea uztailaren 2an amaituko da. Nest sailaren araudia eta bestelako informazioa ikusgai daude Zinemaldiaren webgune ofizialean.

Nest Donostia Zinemaldiko sailik garrantzitsuenetako bat da talentu berriak bultzatzeko estrategiaren barruan. 2002an sortu zenetik, barne hartu ditu 1.000 gazte zinemagile baino gehiago, baita industriako profesionalekin egindako 90 eskola magistral eta elkarrizketatik gora ere (besteak beste, Claire Denis, Gia Coppola, Jonás Trueba, José Luis Guerin, Céline Sciamma, Albertina Carri, Alexander Payne eta Ruth Beckermann zinemagileekin).

Nest sailak zinemagile askoren lanak erakutsi ditu, hala nola Jaume Claret Muxart, Diego Céspedes, Raven Jackson, Leonardo van Dijl, Jerónimo Quevedo, Kiro Russo, Oren Gerner, Isabel Lamberti, Léa Mysius, Laura Wandel eta Grigory Kolomytsevenak. Zinemagileok beren ondorengo lanak estreinatu dituzte Donostia Zinemaldian zein nazioarteko zirkuituko beste lehiaketa batzuetan, hala nola Cannes, Sundance eta Venezian.