Bilboko Udaleko gobernu bilera Errekaldeko Artazubekoa etxaldeko 18-26 zenbakien ingurua berrurbanizatzeko eta irisgarritasuna hobetzeko proiektua onetsi du asteazken honetan. Obraren lizitazio aurrekontua 2.007.984,87 eurokoa da, eta esku hartzea 5.142 metro koadroko azaleran egingo da, malda gogorrak eta espazioaren egungo konfigurazioak mugikortasuna zailtzen duten ingurune batean, batez ere adinekoentzat edo mugikortasun murriztua dutenentzat.
Jarduketaren helburua da bizitegi eremua modu "integralean" eraldatzea, "irisgarritasun unibertsaleko, jasangarritasuneko eta hiri kalitateko irizpideetara" egokitzeko, Kepa Odriozola Bilboko Udaleko Obra Publikoetako eta Zerbitzuetako zinegotziak proiektuarne aurkezpenean azaldu duenez.
Lanotan sartuko dira etxaldearen barruko bi plazak -batetik, 22tik 26ra bitarteko atarien sarbidea eta, bestetik, 18tik 21era arteko atariena-, hirugarren plaza txikiago bat -3 eta 4 eraikinen artean dagoena-, eta Artazubekoa etxaldeko kale nagusiko kale buru bat -irteerarik gabea- eta 1, 2 eta 3 atariekin daukan lotura.
Obraren lizitazio aurrekontua 2.007.984,87 eurokoa da, eta zenbatekoa bideratuko da eremuaren barruko atari guztietarako irisgarritasuna lortzera, lorategi eremuak handitzera, espazio publikoa birkonfiguratzera atseginagoa izan dadin, plazetan jolaserako eta ariketa fisikorako erabilera berriak txertatzera, espaloiak eta bideak hobetzera, eta hiri altzariak (bankuak, iturriak, mahaiak) eta beharrezkoak diren udal zerbitzuak (argiak, saneamendua) berritzera.
Esleitu eta hasi ondoren, lanok bederatzi hilabeteko epean amaitzea aurreikusi da. Ondoz ondoko lau fasetan egingo dira, inguruko bizilagunei ahalik eta eragozpen gutxien sortzeko.