Síguenos en redes sociales:

Topoaren Altza-Galtzaraborda tartea uztailaren 18an jarriko da martxan

Topoaren Altza-Galtzaraborda tartea uztailaren 18an jarriko da martxanUtzitakoa

Donostiako Topoaren Altza-Galtzaraborda tarte berria uztailaren 18an hasiko da zerbitzua ematen, Susana Garcia Chueca Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak asteazken honetan iragarri duenez, eta horrela, alde batetik, trenek "errebotatu" egin behar duten Altzako geltokia den zaku hondoa bukatuko da eta, bestetik, Pasaiako Gure Zumardia plazaren azpiko lurpeko geltoki berria estreinatuko da. Jarduketari esker, tarte berria martxan jarri ondoren, terminal zaharra desegingo da, eta, ondoren, herria zeharkatzen duen zubibidea kendu.

Garcia Chuecak, Miguel Angel Paez Azpiegitura eta Mugikortasun Jasangarriaren sailburuordeak, Antonio Lopez Euskal Trenbide Sareko (ETS) zuzendari nagusiak eta Javier Seoane Euskotreneko zuzendari nagusiak bisita egin dute obretara.

Sailburuak aurreratu duenez, Gure Zumardia plazako urbanizazioaren zati bat herritarrentzat zabalduko da ostegunean, maiatzaren 14an, Hamarretxeta eta Gelasio Aranburu arteko segmentua, alegia, haur jolasen eremua eta datozen egunetan egingo diren zenbait landaketa amaitzearen faltan. Eskalantegi eta Hamarretxeta arteko segmentua oso aurreratuta dago, eta San Fermin jaietarako modu partzialean gozatu ahal izango da. Era berean, hasi dira Sasuategiko ebakuazio galeriaren irteerako eraikina egiteko lanak.

Obra zuzendariak azaldu duenez, geltoki berriaren atondoaren barruan amaitu dira Altza eta Galtzaraborda arteko plaka gaineko trenbidea egikaritzeko lanak. Hala, Galtzarabordatik hurbilen dagoen tartea baino ez da falta. Terminala ia amaituta dago, eta trenbideko obra zibila ekainean amaituko da, sarrerako koralina eta metal arotzeriako erremateak, aireztapen esparruetako trenkadak eta gela teknikoak egitearen faltan.

INSTALAZIOAK

Instalazioei dagokienez, geltokiaren muturretan dauden nasa azpiko aireztapenak eta larrialdikoak mihiztatzen ari dira. Era berean, seinaleztapen lanek aurrera jarraitzen dute, eta katenaria zurrunari dagozkion barrak jartzeko lanak hasi dira.

Galtzarabordan, berriz, aurrera egin da hormak zimendatzeko lanetan, eta lanak egiten ari dira bai hormen amaieran, bai plaka balasto trantsizioko lauzan eta tunelaren irteeraren eta geltokiaren beraren artean dagoen balasto gaineko trenbidean. Sareko puntu hori estaltzeko proiektu aurreratuta dagoenez, sarea trenbide bakarrean iritsiko da Galtzarabordara eta tarte horretan hurrengo hilabeteetan bigarren bidea jarriko da.

Testuinguru honetan, Susana Garcia Chuecak iragarri du herritarrek Pasaiako geltokiko obrak bisitatu ahal izango dituztela ekainaren 15ean, 16an, 17an eta 18an; horretarako, aste batzuk lehenago egutegi bat eta izena emateko prozedura argitaratuko dira.

Gainera, "Antxorako gainazaleko "iraultza handia" uztailaren 18an saihesbidea martxan jarri ondoren iritsiko da, "ordutik aurrera egungo geltokia desmuntatzeko lanekin hasiko baikara, eta gero gaur egun trenak igarotzen diren biaduktua eraitsiko baitugu".

Altzako eta Galtzarabordako geltokien arteko saihesbidean zerbitzua ematen hasteak Amara eta Pasaia arteko geltoki guztietan 7,5 minutuko maiztasunak eskaintzea ahalbidetuko du -orain arte maiztasun hori Herreraraino bakarrik zegoen, eta Altzan eta Pasaian 15 minutuko itxaronaldiak zeuden-.