Asier Altunak zuzendutako Karmele filma EITBren Primeran 'streaming' plataforman izango da ikusgai asteazken honetatik, otsailaren 11tik. Gainera, Aitor Etxebarriak sortutako soinu banda Guau plataforman izango da asteazkenetik aurrera ere, eta Jone Laspiur aktore nagusiari egindako elkarrizketa Guauren Klaketa bideopodkastean astearte honetan.

EITBk jakinarazi duenez, Jose Laspiur, Eneko Sagardoy, Nagore Aranburu eta Javier Barandiaran dira Karmele filmaren aktore taldearen buru. Kirmen Uriberen Elkarrekin esnatzeko ordua eleberrian oinarrituta dago lana, eta EITBren parte hartzea du.

Istorioa 1937an hasten da, Euskal Herrian. Karmele eta bere familia Frantzian erbesteratuko dira gerraren ondorioz, etxetik kanporatuak izan ondoren, eta erbesteko euskal enbaxada kulturalaren proposamena jasoko du protagonistak, dantza eta musika ikuskizunen bitartez gerraren kontra borrokatzeko. Txomin ezagutzen du bertan, tronpetista profesional bat, eta harekin maiteminduko da. Denboraldi batez Venezuelan bizi ondoren, bikotea etxera itzuliko da, kendu zieten guztia berreskuratzeko esperantzarekin.

Karmele iazko Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean estreinatu zen, eta, Argentinako Mar del Plata nazioarteko jaialdi ospetsutik igaro eta zinema aretoetan proiektatu ondoren, orain EITBren Primeran plataforman izango da ikusgai.

EKOIZPENA

Txintxua Films, Esnatzeko Ordua Films eta Gastibeltza Filmak daude ekoizpenaren atzean, eta lantalde artistiko eta teknikoen buru euskal profesionalak dira, hala nola Javier Agirre (argazkia), Aitor Etxebarria (musika), Alazne Ameztoy, Xanti Salvador eta Manex Zabaleta (soinua), Zaloa Ziluaga (artea), Lauren Dufreche (muntaketa), Jon Serrano (efektuak), Ander Sistiaga (ekoizpena), Lola Lopez (makillajea), Itziar Arreita (ile apainketa) eta Nerea Torrijos (jantziak).