EITBk Irabazi arte! telesailaren bosgarren denboraldia estreinatu du Makusi plataforman ostiralean, urtarrilaren 30ean, eta otsailaren 6an ikusi ahal izango da lehen atala ETB1en, baina lehenago, ostiraletik aurrera ere, UEMAko kide diren 90 herritan ere ikusi ahal izango da.

Izan ere, UEMAk jakinarazi duenez, euskarazko ikus-entzunezkoak zabaltzeko EITBrekin sinatuta duen hitzarmenaren baitan, euskarazko telesail arrakastatsuenak mankomunitateko kide diren herrietako zinema aretoetan eta areto publikoetan estreinatzeko lizentzia du UEMAk.

Horrela, Go!azen eta Irabazi arte! telesailen denboraldi berriak estreinatzeko aukera izaten dute UEMAko kide diren herriek, eta "egundoko arrakasta" izan ohi du ekimenak, milaka eta milaka ikuslerekin.

Denboraldi berriko lehen atala otsailaren 6an izango da ikusgai ETB1en. Haur eta gaztetxoentzako EiTBren Makusi plataforman, berriz, ostiralean estreinatuko dute, urtarrilaren 30ean, eta data horrekin bat eginez izango da ikusgai UEMAko kide diren herrietan ere asteburuan, zinema aretoetan eta areto publikoetan. Zehazki, UEMAko kide diren 120 udaletatik 90 herritako aretoetan emango dute.

Irabazi arte! arrakasta handiko EITBren telesaila da, eta bosgarren denboraldia da orain estreinatuko dena. Denboraldi berrian, Arenek eta bere lagunek institutuko azken urteari egingo diote aurre. Azken urtea, gainera, mugitua izango da: norbait ez dago futbol klubaren festa egunean igerilekuan gertatutakoa ahazteko prest, eta denek jasan beharko dituzte zorigaiztoko gau hartan gertatutakoaren ondorioak.

HITZARMENA

Udalerri euskaldunetan euskarazko ikus-entzunezkoak areago zabaltzea da UEMAren eta EiTBren arteko hitzarmenaren helburua. Izan ere, azken ikerketek erakutsi dute euskarazko kultur kontsumoa erdarazkoen oso azpitik dagoela, eta Euskal Herri osoan gertatzen da hori, baita udalerri euskaldunetan ere.

Euskarazko ikus-entzunezkoen eskaintza ezagutarazi eta hauspotu nahian, EiTBren Primeran eta Makusi plataformak ere sustatuko ditu UEMAk udalerri euskaldunetan

Gazteen ikus-entzunezkoen kontsumoari buruz UEMAk 2022an argitaratutako ikerketak ere azalarazi zuen pantailetan erdarazko edukiak ikusten dituztela batez ere haurrek, nerabeek eta gazteek, eta horrek eragin nabaria du hizkuntza ohituretan.

"Hori aldatzeko ezinbestekoa da euskarazko eskaintza zabaltzea, eta ildo horretan urratsa egin nahi izan du UEMAk, iaz EiTBrekin sinatu zuen hitzarmena baliatuta, besteak beste", adierazi dute UEMAtik.

Euskarazko ikus-entzunezkoen eskaintza ezagutarazi eta hauspotu nahian, EiTBren Primeran eta Makusi plataformak ere sustatuko ditu UEMAk udalerri euskaldunetan.