Bermeon (Bizkaia) martxan jarriko den Bermeoko Emakumeen Memoria Bizia izeneko proiektuaren aurkezpen publikoa egingo dute otsailaren 5ean bertako Gizarte eta Kultura Etxean. Egitasmoak emakumeen memoria kolektiboa berreskuratu, ikusarazi eta komunitatearen esparruan aktibatzea du helburu, 65 urtetik gorako emakumeen bizipenak eta oroitzapenak ardatz hartuta.

Bermeoko Udaletik jakinarazi dutenez, emakumeen argazki album pertsonalak, bizitza kontaketak eta sorkuntza kolektiboko tresnak hartuko ditu abiapuntu, "memoria intimoa esparru publikora eramateko eta ikuspegi feminista, sentikor eta testuinguruan errotua garatzeko".

'Bermeoko Emakumeen Memoria Bizia' ekimena 'ELLAS' izeneko proiektu zabalagoaren barruan kokatzen da. Euskal Herriko hainbat herritan garatutako esperientzia horrek emakumeen memoriari aitortza publikoa ematea eta kontakizun historikoki isilaraziak ikusgarri egitea izan du ardatz, betiere tokian tokiko errealitateetara egokituta.

Bermeoko proiektua ikuspegi transbertsaletik landuko da, eta hainbat arlo uztartuko ditu, besteak beste, berdintasuna, kultura, gizarte ekintza, herritarren parte hartzea, hezkuntza ez-formala eta ondare immateriala. Helburuen artean daude belaunaldien arteko transmisioa sustatzea, harreman komunitarioak sendotzea eta emakumeen ekarpena herriaren memoria kolektiboaren parte gisa aitortzea.

PROIEKTUA

Proiektua urtean zehar garatuko da, eta bi fasetan antolatuko da. Lehen fasean, 65 urtetik gorako emakumeekin egingo diren oroitzapen partekatuko tailerrak izango dira ardatz. Lantegiak entzute aktiboan, talde lanean eta esperientzien trukean oinarrituko dira, memoria kolektiboa lantzeko, harremanak sendotzeko eta komunitate loturak indartzeko espazioak sortuz. Bigarren fasean, egindako lanaren itzulera publikoa egingo da, aurreko prozesutik abiatuta adostutako formatuan.

Diziplina anitzeko elkartea da eta arte garaikidea, artxibo lana, bitartekaritza kulturala eta aktibazio komunitarioa uztartzen ditu

Proiektua Punto Gorria Kultur Elkarteak sustatzen du. Diziplina anitzeko elkartea da eta arte garaikidea, artxibo lana, bitartekaritza kulturala eta aktibazio komunitarioa uztartzen ditu.

Otsailaren 5eko aurkezpena proiektuaren abiapuntua izango da Bermeon. Bertan azalduko dira lan ildo nagusiak, erabiliko den metodologia eta parte hartu nahi duten emakumeek izango dituzten aukerak. Saioaren amaieran, galderak egiteko eta solasaldirako tartea ere egongo da.