Hondarribiko aireportua eta Donostiako erdigunea zuzenean lotzen dituen Lurraldebusen E30 lineak %70etik gorako hazkundea izan du uda honetan, eta 10.000 bidaiako muga gainditu du.
Hala jakinarazi du asteazken honetan Gipuzkoako Aldundiko Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketako diputatu Azahara Dominguezek.
Ekainaren 20tik irailaren 7ra arte 10.315 bidaia erregistratu direla zehaztu du, hau da, 2024an baino %73,67 gehiago, orduan 5.939 bidaia egin baitzituen. 5.980 bidaia Donostiarako noranzkoan egin dira (%58), eta gainerako 4.335ak hiriburutik aireportura.
"Albiste bikaina da uda honetan bigarren aldiz funtzionatu duen lineak hazten jarraitzea, martxan jartzea oso beharrezkoa zela erakusten baitu", esan du diputatuak.
Dominguezek esan du E30 linea ekainaren 20an jarri zela martxan eta asteak igaro ahala doitzen joan dela, "herritarrei ahalik eta zerbitzurik onena emateko".
Halaber, gogorarazi du lineak ez diela soilik turistei zerbitzua eskaintzen, Hondarribiko aireportua bidaiatzeko erabiltzen duten ehunka gipuzkoarrei ere zerbitzua ematen baiti
Horrela, uztailaren 21ean, aireportuaren aurrean dagoen E21 Hondarribia-Donostia lineako geralekua bertan behera geratu zen, aireportuko bidaiarien joan-etorriak linea horren eguneroko zerbitzua oztopatu ez zezan (batik bat hondarribitarrek erabiltzen dute).
Era berean, abuztuaren 4an, E30era bi espedizio gehitu ziren, 13:20an eta 21:20an, zerbitzuaren ordu estaldura hobetzeko. Gainera, uda honetatik aurrera, Mugi txartel anonimoak eros daitezke aireportuaren barruan dagoen dendan bertan.
BALORAZIOA
"Linea horri esker, nabarmen hobetu dugu aireportuaren lotura garraio publikoaren bidez, eta, beste behin ere, herritarren erantzun oso ona dugu, gero eta gehiago egiten baitute autobusaren alde, aireportutik joan eta itzultzeko", adierazi du foru diputatuak.
Halaber, gogorarazi du lineak ez diela soilik turistei zerbitzua eskaintzen, Hondarribiko aireportua bidaiatzeko erabiltzen duten ehunka gipuzkoarrei ere zerbitzua ematen baiti.
Gainera, Lurraldebusek Oarsoaldean eta Bidasoan martxan jarriko duen emakida berrian, zerbitzu hori maletentzako lekua duten autobusekin ematea aurreikusten dela iragarri du, erabiltzaileen erosotasuna hobetzeko.
"Herritarren benetako beharretara egokitzeko lineak zabaltzen eta egokitzen eta ordutegiak hobetzen jarraitzea da garraio publikoaren erabilera sustatzeko eta demokratizatzeko modurik onena, eta bide horretan lanean jarraituko dugu, Gipuzkoan gero eta pertsona gutxiagok ibilgailu pribatu baten beharrik izan ez dezaten bizitza garatu ahal izateko", adierazi du.