Guggenheim Bilbao Museoak 478.315 bisitari izan ditu ekainean, uztailean eta abuztuan, hau da, iazko udan baino 4.822 gehiago, eta horrela, bere historiako bigarren udarik onena izan da, museoko iturriek jakinarazi dutenez.
Zehazkiago, ekainean 117.508 bisitari izan dira (iaz baino 6.921 gehiago), eta ireki zenetik ekainik onena izan da horrela; uztailean 165.853 bisitari izan dira (iaz baino 3.573 gehiago), bere ibilbideko arrakastatsuena izanik, eta abuztuan 194.954 (iaz baino 5.672 gutxiago).
Aurtengo udan ere nazioarteko publikoa izan da nagusi, guztizkoaren %78 izanik, iaz baino %2 gehiago). Frantzia (guztizkoaren %16), Britainia Handia (%10), Alemania (%9), Herbehereak (%8), Italia (%7) eta AEB (%6) izan dira herrialde nagusiak. Espainiako Estatuko bisitariei dagokienez, EAEkoak (guztizkoaren %4), Kataluniakoak (%4) eta Madrilgoak (%3) nabarmendu dira.
Guggenheim Bilbao Museoak kubliko gehien bildu zuen eguna abuztuaren 13a izan zen, 8.472 bisitari izan baitziren egun osoan zehar.
Bestalde, urteko kopuru metatuari dagokionez, Bilboko museoak 921.971 bisitari izan ditu abuztuaren 31ra arte, orain arteko kopururik handiena, aurtengo maiatza, ekaina eta uztaila "arrakastatsuenak" izan baitira museoa zabaldu zenetik.
Museoak erakusketa eskaintza "askotarikoa eta anbiziotsua" du gaur egun: 'Helen Frankenthaler: Araurik gabe margotzen' (irailaren 28ra arte), 'in situ: Refik Anadol' (urriaren 12ra arte), 'Barbara Kruger: Another day. Another night' (azaroaren 9ra arte). Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumako artelanak (iraunkorra) eta 'Vito Acconci/Sergio Prego: YOU' (irailaren 7an amaituko da Film&Video aretoan).
Azkenik, Kutxabankek babestutako Art&Music zuzeneko musika programak publikoaren aldetik izan duen arrakasta handia ere nabarmendu du museoak, 1.200 pertsona bertaratu dira terrazan egindako zortzi saioetara, sarrerak agortuz.