Hego Koreako Jeollanam-do probintziako Gobernuko ordezkaritza batek Bilboko Portuko instalazioak bisitatu ditu, han egiten ari diren ekimenak eta, besteak beste, energia gisa duen rola bertatik bertara ezagutzeko.

Hain zuzen ere, Bilboko Portuko iturriek jakinarazi dutenez, trantsizio energetikoak eragindako inpaktuei aurre egiten laguntzeko ekimenak eta portu ingurunean garatzen ari diren proiektuak ezagutu dituzte, bereziki, trantsizio energetikoari, offshore eolikoari, hidrogenoari eta erregai sintetikoei dagozkienak.

Andima Ormaetxe Bilboko Portuko Agintaritzako Eragiketa, Arlo Komertzial eta Logistikako zuzendariak harrera egin die Koreako ordezkaritza osatu duten goi-funtzionarioei, eta portuko 'hinterland' gunean jarduten duen kate logistikoaren karbono aztarna murrizten laguntzeko egiten ari diren ekintzen xehetasunak azaldu ditu.

Ekintza horien artean dago, besteak beste, portuan dauden bitartean itsasontziak energia elektrikoz hornitzeko BilbOPS proiektua, partzialki iturri berriztagarrietatik, hala nola plaka fotovoltaikoetatik. Ekimena 2027an abiatuko da, eta berotegi efektuko gasen emisioak murriztea eta zaratak eta bibrazioak minimizatzea ekarriko du.

Topaketan nabarmendu diren beste alderdi batzuk izan dira itsas korridore berde eta digitalak garatzea, Amsterdam eta Duisburgeko portuekin akordioak egitea Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Europako erdialdearen artean hidrogeno berriztagarriko korridore bat ezartzeko, edota Petronor portuan bertan eraikitzen ari den erregai sintetikoak eta hidrogeno elektrolitikoa ekoizteko instalazioak.

Era berean, Koreako ordezkariek interesa agertu dute Bilboko Portuak gune eoliko gisa betetzen duen funtzioarekiko, bere 'hinterland' gunean haize energiarekin lotutako enpresa ugari baititu.