Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak proposatuta, 2025-2026 ikasturtean ikerketa lanetan laguntzeko Ikasiker beken deialdia onartu du. Sailak 330.000 euro bideratuko ditu guztira ekimen horretara.

Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez, Ikasiker programaren helburua, unibertsitateko ikasleei Euskal Ikerketa Sistemaren esparruan oinarrizko ikerketa eta ikerketa aplikatutako zereginetan hasteko aukera ematea da.

Horrela, 2025-2026 ikasturtean, udan barne, Euskal Unibertsitate Sistemako ikerketa taldeetan, Oinarrizko eta Bikaintasuneko Ikerketa Zentroetan (BERC), Osasun Ikerketako Institutuetan (IIS), Ikerketa Kooperatiboko Zentroetan (CIC) eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko Zentro Teknologikoetan parte hartu nahi duten unibertsitate ikasleei zuzenduta daude bekak.

Deialdi honek 330.000 euroko zuzkidura du eta guztira 190 beka eskaintzen ditu, bi modalitatetan banatuta: A modalitatean 2.000 euroko 150 beka, 2026ko urtarrilaren 1etik ekainaren 30era bitartean egin beharreko lankidetzetarako; eta B modalitatean 750 euroko 40 beka, udan, 2026ko ekainaren 1etik irailaren 30era bitartean, lankidetzan aritzeko.

Eskabideak aurkezteko epea irailaren 6tik urriaren 6ra arte egongo da zabalik. Beka horiek jasotzeko, ikasleak Euskadin erroldatuta egon beharko du, eta unibertsitate graduko titulu ofizial bat lortzeko ikasketa plan bateko azken bi ikasturteetako batean matrikulatuta egon beharko da. B modalitatearen kasuan, unibertsitate master ofizial batean matrikulatuta daudenak ere sartu ahal izango dira.

Gainera, lankidetza proiektu bat aurkeztu beharko da, proiektua garatuko den ikerketa taldeak edo zentroak behar bezala justifikatuta eta abalatuta.

Astean sei eta hamabost ordu arteko dedikazio izango du, beti ere eskola orduetan. Garrantzitsua da azpimarratzea laguntza horiek heziketarako bakarrik direla eta ez dutela harreman juridiko-laboralik sortzen.

Ikasiker bekak kudeatzea Saileko Unibertsitate Komunitateko Arreta eta Zaintza Zuzendaritzari dagokio, eta izapideak bide elektronikotik soilik egingo dira.