Ertzaintzak helikoptero berria izango du Zaintza eta Erreskate Unitaterako. Imanol Pradales Lehendakaria, Bingen Zupiria Segurtasuneko sailburuak lagunduta, gaur goizean Ertzaintzaren polizia-basean helikopteroa hartzeko eta inaugurazio-hegaldirako egin den ekitaldian izan da. Airbus aeronautikako multinazionalak fabrikatutako aireontzia da, H135 T3H modeloa. Ekitaldian Ricardo Ituarte Segurtasuneko sailburuordea eta Joana Egiluz Babes Zibileko sailburuordea, Victoria Landa Ertzaintzaren zuzendaria eta Josu Bujanda Ertzaintzaren burua, Ertzaintzako beste hainbat agintari eta ordezkari eta Airbus enpresaren ordezkariak ere izan da.

Iaz, Euskadiko larrialdi-zerbitzuek 875 ezbehar artatu zituzten mendi, kostalde eta ibaietan, hau da, egunean bi esku-hartze baino gehiago. Kopuru horrek agerian uzten du ustekabeko egoeretan baliabide eraginkorrak eduki behar direla.

"Edozeini gerta dakioke galtzea, erortzea, edo istripu batengatik laguntza behar izatea. Eta hori gertatuko balitz, jakin behar dugu azkar eta behar bezala hornituta joango direla gure bila. Horrelako egoeretan agerian geratzen da zerbitzu publiko eraginkor, profesional eta hurbilaren garrantzia", azpimarratu du Imanol Pradales Lehendakariak. Testuinguru horretan, Lehendakariak "Euskadin segurtasun integrala indartzen jarraitzea garrantzi handiko bi esparrutan: zaintza eta erreskatea. Ertzaintza eta Babes Zibila" Eusko Jaurlaritzaren apustua nabarmendu du.

Legegintzaldia hasi zenetik, Eusko Jaurlaritzak lehentasun gisa ezarri zuen Ertzaintzari beharrezko tresnak ematea. "Legegintzaldiaren hasieran, Ertzaintzari bere zeregina betetzeko beharrezko eskumenak eta bitarteko onenak ematea jarri genuen helburutzat: Euskadiko pertsona guztien lasaitasuna eta segurtasuna zaintzea. Guztion ongia babestu nahi da, segurtasun osoa zainduko duen euskal polizia integrala errealitate bihurtuz", gogorarazi du Lehendakariak. Ildo horretan, "oso garrantzitsutzat" jo ditu azken urtean lortutako aurrerapenak, besteak beste, euskal poliziaren baliabideak eta baldintzak hobetzeko akordioa, portuetan hedatzea eta ‘Basque Segurtasun Foroa’ abian jartzea.

Aireontzi berria azken belaunaldiko bi motorreko helikoptero bat da, Safran Arrius 2B2plus motorrak ditu eta horrek potentzia handiagoa ematen dio, bereziki egun beroetan eta altitude handietan, eta “A kategorian”, helikopteroentzako segurtasun-estandarrik altuenean, jarduteko ziurtatuta dago. Aireontziak 3,100 kg-ra arteko pisu gordinarekin jardun dezake, 5 pertsona eraman ditzake erreskate-konfigurazioan (2 hegaldi-kabinan eta beste 3 bidaiari-kabinan, eta kabina horretan erreskatatutako pertsona zaurituak garraiatzeko ohatila batentzat ere badago lekua), eta 7 pertsona polizia-zaintzaren konfigurazioan.