Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Sailak Atxuri eta Abusu artean egongo den Bilboko tranbiaren Kañu geltokia eraikitzeko lanen lizitazioa onetsi du Euskal Trenbide Sarearen (ETS) bitartez. Proiektuak bost milioi euroko oinarrizko aurrekontua eta 15 hilabeteko egikaritze epea ditu.
Horrela, erakunde lizitatzaileek jakinarazi dutenez, tranbiaren geltoki berria eraikiko da, egiturari, arkitekturari, eragindako zerbitzuei, pasealekuaren berrezarpenari eta abarrei buruzko elementu guztiak barne hartuta.
Nasaren solairua Kañu pasealekuarekin eta Miraflores etorbidearekin lotuko dituen igogailua eta pasabidea ere egingo dira, baita itsasadarraren aldeko nasa Kañu pasealekuarekin lotzeko bidea eta Zamakola kalearen eta Kañu pasealekuaren artean dagoen oinezkoentzako pasabidearen estalketa ere.
18 lagunentzako lekua duen igogailu panoramikoak 28,6 metroko desnibela gaindituko du eta hiru geraleku izango ditu: behekoa nasaren kotan, bigarrena Kañu pasealekuan eta hirugarrena Miraflores etorbidearekin lotuko da
Garraio erakundeen arabera, datozen hilabeteetan Bilboko Udalarekin hitzartuko den jarduketa berriak Euskotrenek eskaintzen duen zerbitzua hobetuko du, batez ere Santutxun eta Abusun bizi direnek erabiliko duten geltoki berriari esker.
IGOGAILUA
Santutxurekiko lotura errazteko, igogailu panoramiko eta Montevideo etorbidera helduko den pasabide bana eraikiko dira. Abusu auzoarekin lotura bermatzeko, aldiz, igogailuak geltokia izango du Kañu pasealekuan.
Gainera, mendiaren aldeko nasa eskailera argiztatu baten bidez lotuko da pasealekuarekin, eta itsasadarraren aldeko nasa bide berri baten bidez lotuko da pasealekuarekin. Bilboko Udalak eskatuta, proiektuak Abusuko Ibai-Eder pasabidea ere estaliko du.
Geltoki berria oinezkoentzako bi bidegurutzeren bidez lotutako alboko bi nasaren bidez egituratuko da. Bien luzera 30na metrokoa da. Itsasadarraren aldeko nasak 3,5 metroko zabalera konstantea izango du, eta mendialdekoak, berriz, 4,4 eta 4,9 metro arteko zabalera aldakorra, bloke teknikoaren mantentze lanetarako sarbidea errazteko.
Nasa bakoitzean markesina bat egongo da, eguraldi txarretik babesteko eta erabiltzaileen erosotasun baldintzak bermatzeko, bankuak eta argiak jarrita. Pasabidea kontrolatzeko eta txartelak erosteko behar diren elementu guztiak ere izango dira (txartelak baliogabetzeko eta saltzeko makinak).
18 lagunentzako lekua duen igogailu panoramikoak 28,6 metroko desnibela gaindituko du eta hiru geraleku izango ditu: behekoa nasaren kotan, bigarrena Kañu pasealekuan eta hirugarrena Miraflores etorbidearekin lotuko da. Pasabideak 34 metroko luzera eta 3,05 metroko zabalera izango du.
BESTE GAI BATZUK
Beste gai batzuekin jarraituz, Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Sailak Eptisa-Cinsa ingeniaritza enpresari esleitu dio Gasteizko Alaba Jenerala eta Independentzia kaleen urbanizazioaren eraikuntza proiektuaren idazketa lana, Euskal Trenbide Sarearen (ETS) bitartez.
Jaurlaritzak jakinatrazi duenez, lanek 170.000 euroko aurrekontua eta lau hilabeteko egikaritze epea dute, eta barne hartzen dute alternatiben azterlan bat egitea elementu guztiak tartearen egungo egoerarekin alderatuta sakonago integratuko dituen urbanizazioari ekiteko, zerbitzuak eta hiri-altzariak birjartzea edo birkokatzea barne hartuta.